Politika -
Diputatuen Kongresua
Inflazioa geldiarazteko Espainiako Gobernuaren neurriak onartu dituzte
Errege lege-dekretua aldeko 175 botorekin, kontrako 7rekin eta 164 abstentziorekin onartu dute. Gainera, lege-proiektu gisa aurrera eramatea erabaki da, eta horrek aukera ematen du zuzenketa bidez aldaketak egiteko.
Agentziak | EITB Media
Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak errege lege-dekretua onartu du gaur, Espainiako Gobernuak Ukrainako gerrak eragindako inflazio handiaren aurka borrokatzeko hartu dituen azken neurriekin; besteak beste, oinarrizko elikagai batzuetan BEZa kentzea edo jaistea.
Felix Bolaños Presidentetzako ministroak defendatu du errege lege-dekretua Ganberan. Aldeko 175 botorekin, kontrako 7rekin eta 164 abstentziorekin onartu dute, tartean PPrena, Voxena eta Ciudadanosena.
Konkretuki, PPren, Voxen, ERCren eta BNGren abstentzioarekin atera da aurrera baliozkotzea; Junts eta Teruel Existe, aldiz, kontra agertu dira, eta gainerako indarrak alde agertu dira.
Gainera, ia aho batez erabaki da premiazko lege-proiektu gisa prozeduraren bidez aurrera eramatea, eta horrek aukera ematen du zuzenketa bidez aldaketak egiteko. Ganbera osoak babestu du lege-proiektu gisa izapidetzea, Teruel Existe izan ezik, abstenitu egin baita.
Dekretuak neurri hauek jasotzen ditu, besteak beste: lehen mailako elikagaietarako BEZa kentzea eta BEZa % 10etik % 5era jaistea olio eta pastarako, 200 euroko txekea urteko 27.000 eurorainoko errentak dituzten etxeetarako eta aldiriko eta distantzia ertaineko trenen doakotasuna 2023an.
EH Bilduko Oskar Matutek elikaduraren arloan neurri berriak hartzeko eskatu du, zehazki, oinarrizko elikagai jakin batzuen prezioak mugatzeko. Era berean, EAJko Idoia Sagastizabal dekretuaren alde agertu da, baina zalantzak agertu ditu BEZaren jaitsierari edo 200 euroko txekeari buruz. Bere ustez, neurri horiek "kanpoan uzten dituzte sektore jakin batzuk", eta horien eragina "oso mugatua izango dute".