Politika -
usansoloren desanexioa
Bizkaiko Aldundiak eta Galdakaok alegazioak aurkeztuko dizkiote Usansoloren prozesua geldiarazteko helegiteari
Gaur bukatzen da epea, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak datorren hilabetean hartuko du erabakia.
eitb media
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Galdakaoko Udalak alegazioak aurkeztuko dizkiote Usansoloren desanexioaren prozesua geldiarazteko Estatuaren abokatuak aurkeztutako helegiteari. Gaur bukatzen da epea, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak datorren hilabetean hartuko du erabakia.
Estatuko Abokatutzak helegitea aurkeztu zuen abenduaren amaieran, Bizkaiko Batzar Nagusien erabakiaren aurka. Izan ere, desanexioak udalerri berriek gutxienez 5.000 biztanle izateko baldintza urratzen zuela uste izan zuen (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 13.2 artikuluan ezartzen da baldintza hori).
Gaur egun, Usansolok 4.520 biztanle ditu, eta, beraz, ez da iristen Estatuko legeak ezarritako 5.000ra.
Bizkaiko Batzar Nagusiek iragan azaroan onartu zuten Galdakaoko Udalak Usansolo udalerri independente bihurtzeko egindako eskaera. Gauzak horrela, Bizkaiko 113. udalerri bihurtu zen orduan.
Aurreikuspenak beteta, testuaren alde egin zuten EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak; PPk abstentziora jo zuen, eta PSE-EEk, aldiz, kontra bozkatu zuen.