Politika -

Gasteizko harrera zentroa

Andueza: "Lehendakariak eta Artolazabalek aspaldi ezagutzen zuten proiektua, eta gaur arte isilik egon dira"

"Sozialdemokratatzat du bere burua EAJk, baina iruditzen zait gizatasunetik eta sozialdemokraziatik urrun daudela. Gertuago daude herrialde honetako eskuin zaharkitutik", nabarmendu du.

PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Andueza
PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Andueza
PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Andueza

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizen errefuxiatuak hartzeko nazioarteko zentro bat sortzeko proiektua lizitatu du Espainiako Gobernuak, eta gai horretaz mintzatu da PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Andueza Radio Euskadiko "Boulevard" saioan, ostegun honetan. "Diskurtso elektoralista horrek erakusten du EAJk esku artean dituen inkestek ez dutela haientzako emaitza onik aurreikusten", adierazi du.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuak errefuxiatuentzako zentroari buruz esandakoak hizpide, Anduezak argitu du Iñigo Urkullu lehendakariak eta Artolazabalek berak aspaldi ezagutzen zutela proiektua, "baina orain arte isilik egon dira".

Halaber, nabarmendu du ez dela etorkinentzako zentro bat -errefuxiatuentzako baizik- eta ez dela Espainiako Gobernuak bultzatutako proiektu bat: "Europak ezarritako ildoei erantzuten die".

Artolazabalek, bestalde, duela egun batzuk esan zuen "masifikatutako makrozentroak" ez datozela bat euskal harrera ereduarekin, eta horri buruz galdetuta PSE-EEren idazkari nagusiak zehaztu du zentro horren asmoa dela "errefuxiatuei formakuntza, hizkuntzak eta lan aukerak ematea, ez soilik babeslekua". "Hori da banakako arreta eskaintzea. Ezin gara mugatu aterpetxeek duten edukierara edota euskal herritarrek kanpotik iritsitako jendea etxean hartzeko duten borondate onera", azaldu du.

"Sozialdemokratatzat du bere burua EAJk, baina iruditzen zait gizatasunetik eta sozialdemokraziatik urrun daudela. Gertuago daude herrialde honetako eskuin zaharkitutik", nabarmendu du. Horregatik, EAJri egotzi dio gai hori "kanpaina egiteko" erabiltzea: "PSE-EEK irabaziko ditu hauteskundeak Gasteizen, eta urduri daude".

Azkenik, baztertu egin du Espainiako Gobernuak Gasteizko zentroaren proiektuan atzera egiteko aukera. "Argi dute Gasteizko instalazioak toki egokian daudela, eta PSE-EEk bat egingo du horrekin, alegia, gauza guztien gainetik defendatuko du asmo hori", bukatu du.

Bien bitartean, Lehendakaritzak gaiaren inguruko zenbait puntu argitu nahi izan ditu gaur. Iturri horren arabera, Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak joan den urrian egindako bilera batean jakinarazi zion Eusko Jaurlaritzari errefuxiatuentzako zentroa abian jartzeko asmoa zutela. Horren ondotik, Artolazabalek zuzentzen zuen saialarekin harremanetan jarri eta informazioa partekatzeko eskatu zion Escrivari Iñigo Urkullu lehendakariak. Gaur arte, inor ez omen da Jaurlaritzarekin harremanetan jarri, gaiaz hitz egiteko.

Halaber, aipatutako iturriek zehaztu dute urrian egindako batzarrean PSEko idazkari nagusiak ez zuela parte hartu.

Antza, orain lau urte, Jesus Loza orduan EAEn Espainiako Gobernuko ordezkaria zenak Arana klinikaren eraikina eskaini zion Gasteizeko Exekutiboari, bidean dauden pertsona migratzaileak hartzeko, baina eskaintza ez zen ontzat eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Azken albisteak Urkullu Migrazioaren albisteak Gizartea PSE-EE Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Albisteak Errefuxiatuak Eneko Andueza gaur