Politika -
Gaztela eta Leon
Garcia-Gallardo (Vox) tematuta: "Medikuek derrigorrez bete beharko dute abortuaren aurkako protokoloa"
Espainiako Gobernuko bozeramaile Isabel Rodriguezek Gaztela eta Leongo Gobernuari ohartarazi dio ez duela "atzerapauso bakar bat" onartuko emakumeen eskubideen defentsan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gaztela eta Leongo presidenteorde Juan Garcia-Gallardok (Vox) berretsi du abortuaren aurkako protokoloa "derrigorrez" bete beharko dutela medikuek. Hortaz, gaurdanik, fetuaren taupada entzuteko edo 4D ekografia egiteko "aukera eman beharko diete haurdun dauden emakumeei". Hitzok, baina, ez datoz bat Alfonso Fernandez Mañueco (PP) presidenteak esandakoarekin.
Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, Garcia-Gallardok argi utzi du "osasun langile guztiek nahitaez bete behar dituztela protokoloak".
"Osasun Kontseilaritzaren osteguneko oharrari lotzen natzaio, argia eta gardena baita", azpimarratu du PPk gidatzen duen departamentuari aipamen eginez. Halaber, erantsi du gai hori "nahasteko ahalegin guztiak antzuak dira".
Espainiako Gobernuak ez du atzerapauso bakar bat onartuko
Espainiako Gobernuko bozeramaile Isabel Rodriguezek, bere aldetik, Gaztela eta Leongo Gobernuari ohartarazi dio ez duela "atzerapauso bakar bat" onartuko emakumeen eskubideen defentsan.
Erkidego horrek proposatutakoa gizartearen gehiengoaren ikuspuntutik eta emakumeen sentimendutik oso urrun dagoela ziurtatuta, Gaztela eta Leongo Gobernuari errekerimendu bat bidaltzeko erabakia defendatu du, neurria ezarri ez dezan.