Politika -

OSASUNA

Osakidetzan lan egiten duten sendagileen esklusibotasuna bermatzea proposatu du Elkarrekin Podemos-IUk

Koalizio moreak legez besteko proposamena erregistratu du osasun zerbitzu publikoaren "narriadura" edo "hondatze" orokorrari aurre egiteko neurriak proposatuz. Besteak beste, sistema bat ezarri nahi du bateraezina izan dadin Osakidetzako zerbitzu buruek osasun pribatuan lan egitea.

Medikuak Donostian. Argazkia: EFE.
Medikuak Donostian
Medikuak Donostian. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarrekin Podemos-IUk proposatu du Osakidetzan esklusibotasun profesionala ezartzea. Halaber, Osakidetzako zerbitzuburuentzako osasun pribatuarekin bateraezintasun-erregimen bat eratzea eskatu dute.

Koalizio moreak legez besteko proposamen bat erregistratu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, "herritarrek eta langileen plantillek salatzen duten Osasun Zerbitzu Publikoaren narriadura orokorrari" aurre egiteko neurriak proposatze aldera.

Jon Hernandez legebiltzarkideak gaur aurkeztu duen legez besteko proposamenean azaldu duenez, herritarren kexen, itxaron-zerrenden eta plantillen protesten aurrean, Eusko Jaurlaritzak aitzakia bera erabiltzen du beti: "medikuak falta dira". Hernandezen iritziz, "benetako" arazoa izan arren, "ez da osasun publikoa hondatzeko arrazoi bakarra, ezta gauetik goizera iritsi den egoera bat ere". "Hainbat faktorek eta azken hamarkadetan egin diren politikek eragindako arazoa da", gaineratu du.

Horregatik, medikuen ezari aurre egiteko, Elkarrekin Podemos-IUk, ekimen horren barruan, "lan-baldintzak hobetzearekin" lotutako "egiturazko neurriak" hartzea proposatu du, "euskal osasun publikoan jardutea bermatzeko, profesionalentzako lan erakargarri gisa, bereziki arazo gehien dauden espezialitateetan".

Era berean, "Osakidetzaren esparruan talentu profesionalaren iraupena bermatzea" eskatzen du, "osasun pribatuak osasun publikoa profesionalez gabetzea eragozteko neurriak ezarrita", eta "osasun-arloko esklusibotasun profesionala indartzea, osasun-arretari ekitatea eta unibertsaltasuna bermatzen dizkiona: osasun publikoa".

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak uko egin dio horri buruzko adierazpenik egiteari, "duela hilabetetik etengabeko elkarrizketa prozesuan dagoen gaia delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Eusko Legebiltzarra bideoak Alderdi politikoak bideoak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Medikuen albisteak