Politika -

Adierazpen instituzionala

Barakaldok, EAJren eta EH Bilduren botoekin, euskararekin lotutako epaiaren gaineko haserrea adierazi du

EAJk eta EH Bilduk babestuta, Udalak "kezka eta haserrea" agertu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren harira; izan ere, kultura zerbitzuetako kudeaketaz arduratzen den azpikontratatutako enpresa bati euskarazko hizkuntza profila eskatzea baliogabetu zuen.

Alberto Zorrilla eitb.eus-eko erabiltzailearen argazkia, Barakaldon.
Alberto Zorrilla eitb.eus-eko erabiltzailearen argazkia, Barakaldon.
Alberto Zorrilla eitb.eus-eko erabiltzailearen argazkia, Barakaldon.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barakaldoko Udalak, soilik EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin, "kezka eta haserrea" agertu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren harira; izan ere, kultura zerbitzuetako kudeaketaz arduratzen den azpikontratatutako enpresa bati euskarazko hizkuntza profila eskatzea baliogabetu zuen. Bozeramaileen Batzordean onartu dute adierazpena, eta PSE-EE, alegia, EAJrekin batera udal Gobernuan dagoen alderdia, ez da bertan izan; PSE-EEren iritziz, Batzordea "fartsa" eta "izugarrizko iruzurra" izan da.

Adierazpenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiak (helegiterik ez dute jarriko, horren aurka) "kezka eta haserrea" sortu ditu Udalean, "kolokan jar dezakeelako azken hamarkadetan EAEko sektore publikoan euskararen normalizazioan aurrera egiteko izan dugun marko juridikoa, euskal gizartean eredugarria eta babes handikoa izan dena".

"Barakaldoko Udalak bat egiten du EAEko herri erakunde guztiek euskara normalizatzeko egiten ari diren lan eskergarekin, euskarak herritarren egunerokoan dagokion lekua har dezan eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu daitezen. Hori helburu hartuta, EAEko herri administrazio orok lanpostu publikoen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasunak ezartzeko duen legezko zilegitasuna eta eskumena aitortzen dugu, herritarren hizkuntza eskubideak erdigunean jarrita", dio adierazpenak.

Testuinguru horretan, deia egiten die herritarrei ostiralean 19:00etan, Bide Onera Plazan, Sasiburu elkarteak deitutako elkarretaratzean parte har dezaten, hizkuntza eskubideen alde.

Ohar bidez, PSE-EEk nabarmendu du Udalak uko egin diola epaiaren aurkako helegitea aurkezteari, eta azpimarratu du Auzitegiak indargabetutako klausulak, "azpikontratatutako langile guztiei hizkuntza eskakizuna ezartzen zuenak", Kultura Etxeetako langileen segurtasuna ahultzea ekartzen zuela. PSE-EE "euskararen normalizazioaren alde" azaldu da, bai eta "herritar guztien hizkuntza eskubideak babestearen alde" ere, baina, esan duenez, "horiek ezin dira aitzakiatzat hartu langile batzuen lan eskubideak ahultzeko, kontuan izanik langile horiek ez zutela hartu zerbitzua kanpora ateratzeko erabakia".  

"Herritar guztien hizkuntza eskubideak babestea, bai. Langile guztien lan eskubideak babestea, ere bai. Eta, egoera jakin batzuetan, zailtasunak badaude bateragarri egiteko, konponbide errealista bila dadila, betiere batzuek beste batzuen gainean eragindako inposaketatik aldenduta", zehaztu du Barakaldoko PSE-EEk.

Elkarrekin Barakaldok kontrako botoa eman du, eta salatu du adierazpen instituzionalean ez dela autokritikarik izan. EAJri aurpegiratu dio hainbat urtez herritarren hizkuntza eskubideak eta langileek euskara ikasteko duten eskubidea "azken tokira" zokoratu dituela.

PP desenkusatu egin da Bozeramaileen Batzordean egon ez izateagatik, baina adierazi du adierazpen instituzionalaren aurka dagoela (EH Bilduk aldeko botoa eskatu du).

CCOO sindikatuak, bere aldetik, gaitzetsi du "EAJk eta EH Bilduk hizkuntza adostasunak hausteko apustua" egin dutela; esan duenez, "lotsagarria" da EAJk ez aurkeztea helegiterik epaiaren aurka, eta adierazpenean erabaki horren "legaltasuna aldarrikatzea".

Euskadiko CCOOk eskatu dio Barakaldoko EAJri "hizkuntza profiletako araudi adostua betetzea", eta Eusko Jaurlaritzari galdegin dio "zeharkako adostasunaren bidea berreskuratzea, adostasun anitzarena, euskal hizkuntza-politikoa zehazteko".

Sindikatuak ziurtatu duenez, "bi herrialde-ereduren aurrean gaude: euskararen sustapen publiko eta inklusiboa, batetik, eta profilen politika baztertzailea, bestetik. Azken horren asmoa da euskara ikasteko dirua eta beharrezko denbora banaka pribatizatzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Berriak Politika EAJ-PNV Bizkaia Barakaldo Funtzionarioak bideoak Gizartea bideoak EH Bildu Bizkaia Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa EAEko Auzitegi Nagusia hoy Euskal sindikatuak Alderdi politikoak berriak