Politika -
KATALUNIA
Llarena epaileak sedizio delitua kendu dio Puigdemonti
Erreferendumagatik zigortutako buruzagi independentisten akusazioek eta abokatuek zortzi eguneko epea izango dute Zigor Kodearen erreformak zigorretan ekar ditzakeen aldaketen aurrean alegazioak aurkezteko.
EITB MEDIA
Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratuak sedizio delitua erretiratu dio Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiari, baina oraindik ere auzipetuta jarraitzen du dirua bidegabe erabiltzeagatik eta desobedientziagatik. 2017ko urriaren 1eko gertakarien instrukzioa daraman epaileak hartu du erabakia.
Auzitegi Gorenak gaur goizean jakinarazi duenez, sedizio delitua indargabetzen eta dirua bidegabe erabiltzeko delitua murrizten duen erreforma indarrean sartu ostean, ikertutako gertaera horientzat "despenalizaziotik gertu dagoen" testuinguru bat planteatzen da, desordena publikoen delituarekin bat ez datorrela iritzita.
Halaber, sedizio delituagatik Carles Puigdemont, Toni Comin eta Lluis Puig Kataluniako kontseilari ohiak atxilotzeko indarrean zegoen euroagindua bertan behera utzi du. Hala ere, dirua bidegabe erabiltzeagatik eta desobedientzagatik hiru buruzagi horiek atxilotzeko nazioarteko agindua emango du.
Dena dela, euroagindu hori sinatzeko itxaron egingo du Europako auzitegiek Carles Puigdemonten immunitateari buruz erabaki arte.
Bestalde, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari eta Clara Ponsati kontseilari ohiari desobedientzia delitua leporatzen die, eta, beraz, ez liokete espetxe eskaerari aurre egin beharko.
Erreakzioak
Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak Pablo Llarena magistratuaren erabakiaren inguruko lehen balorazioa egin du. "Lehen hiru deliturengatik eskatzen zen estradizioa, eta, orain, biregatik. Larriena erori da", esan du Catalunya Radio irrati kateari gaur goizean eskaini dion elkarrizketan.
Aragonesek azaldu duenez, ez ditu Llarenaren erabakiaren xehetasunik ezagutzen, eta "errepresaliatu guztien defentsa estrategiarekiko errespetu osoa" adierazi du, "baita Puigdemont presidentearena ere".
Bestalde, Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak gogorarazi du Puigdemontek zigor bat betetzeke duela oraindik, Kataluniako prozesuan kondenatutako beste batzuek bezala, eta Espainiako justiziaren aurrean erantzun beharko duela Estatura itzultzen denean.
Gainera, bozeramaileak azpimarratu du Zigor Kodearen erreforma Europako gainerako legedia penalarekin homogeneizatu eta harmonizatu dela, eta hori Espainiak Euroguneko gainerako estatuekin zuen konpromisoa dela.
Orain Estatuak beste erreferendum bat geldiarazteko izango lituzkeen tresnei dagokienez, Lurralde Politikako ministroak nabarmendu du egungo Katalunia ez dela 2017ko bera, eta politikan tresnarik onena elkarrizketa dela.
Zortzi eguneko epea alegazioak aurkezteko
Prozes auzia epaitzeaz arduratu zen epaimahaiak zortzi eguneko epea emango die buruzagi independentisten abokatu eta akusazioei Zigor Kodearen erreformak zigorretan ekar ditzakeen aldaketen aurrean alegazioak aurkezteko.