Politika -
Hauteskundeak
Borja Semper politikara itzuli da, PPren kanpaina batzordeko bozeramaile karguan
PPren bozeramaile izan zen Semper Legebiltzarrean, eta Gipuzkoako alderdi popularra zuzendu zuen, 2009ko azaroa eta 2020ko urtarrila bitartean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Legebiltzarreko PPren bozeramaile ohi Borja Semper hautatu du PPren buru Alberto Nuñez Feijook kanpaina batzordeko eledun, datorren maiatzaren 28ko hauteskundeetara begira.
Ohiko batzorde bilera bukatuta, prentsaurrekoa eman du Feijook. Hitza hartu duenean, esan du kanpaina batzordeko bozeramailearen esku utziko zuela agerraldia. Semper azaldu arte, baina, ez du haren izenik aipatu.
Feijoo eskertuta eta pozik agertu da Semperrek horretarako "konpromisoa" eta "erronka" bere gain hartu dituelako. Esan bezala, PPren bozeramaile izan zen Semper Legebiltzarrean, eta Gipuzkoako alderdi popularra zuzendu zuen, 2009ko azaroa eta 2020ko urtarrila bitartean.
Gauzak horrela, Elias Bendodo kanpaina zuzendariarekin elkarlanean arituko da Semper.