Politika -

RADIO EUSKADI

Beste estatu eredu bat "aintzat hartuko duten profilak" eskatu ditu Ortuzarrek Auzitegi Konstituzionalerako

Bestalde, De Miguel auziari buruz, EAJren EBBko presidenteak "bizkortasuna" eskatu dio Justiziari, ez baitio "normala" irizten halako kasu bat 14 urtez zabalik egotea. "Auziak badu bere konplexutasuna, baina ez da 'Watergate'-a ere", esan du.

Andoni Ortuzar, gaur Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media
Andoni Ortuzar, gaur Radio Euskadin
Beste estatu eredu bat ''aintzat hartuko duten profilak'' eskatu ditu Ortuzarrek Auzitegi Konstituzionalerako

0:50

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalaren berritze prozesua izan du hizpide, besteak beste, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak, Radio Euskadin gaur egin dioten elkarrizketan. Horren iritzian, goitik beherako aldaketa behar du Auzitegi Konstituzionalak, Euskadi edota Katalunia bezalako errealitate nazionalei segurtasuna emango diena.

Hala, lau magistratu berriren sarrerari "distantziaz" begiratzen diola aitortu du. "Beti hitz egiten da progresistei buruz eta kontserbadoreei buruz. Euskaditik begiratuta baina, denak berdinak dira. Guri gustatuko litzaiguke beste profil bateko magistratuak egotea, aniztasuna aintzat hartuko dutenak, beste estatu eredu bat ulertzen dutenak. Zoritxarrez, hori ez dago. Beraz, errespetu osoz ikusten dut Auzitegi Konstituzionalaren berritzea, baina ez oso itxaropentsu", esan du.

Bestalde, De Miguel auziari buruz, EAJren EBBko presidenteak Justiziaren "geldotasuna" salatu du, ez baitio "normala" irizten halako kasu bat 14 urtez zabalik egotea. "Auziak badu bere konplexutasuna, baina ez da 'Watergate'-a ere", esan du.

Ortuzarren arabera, "sententzia firme bat ez dagoen bitartean, pertsona horrek bere eskubideak mantentzen ditu, baita laboralak ere". Horren harira, oposizioak egindako krikitiken atzean "hauteskundeen hurbiltasuna" ikusten du. "Guk egin beharrekoa egin genuen".

Azkenik, Brasilgo egoeraz ere mintzatu da EBBko presidentea, Jair Bolsonaroren jarraitzaileek Brasilgo Kongresua, Gorena eta Presidentetza jauregia indarrez hartu eta egoeraren kontrola berreskuratu berritan. Ortuzarrek azaldu du inoiz baino garrantzitsuagoa dela "demokrazioa zaintzea". "Demokrazia da daukagun sistemarik onena eta  beharrezkoa da alderdi demokraten artean minimo batzuk partekatzea", gaineratu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Andoni Ortuzar Eguneko albisteak Albisteak Espainiako Auzitegi Konstituzionala