Politika -
EUSKO ALKARTASUNA
Twitterreko zortzi kontu itxi dizkietela salatu dute EAko kritikoek
Eusko Alkartasuneko sektore kritikoko hainbat kidek azaldu dute Ertzaintzari eta Foruzaingoari jakinarazi diotela Twitter kontuak itxi dizkietela. Halaber, EAko zuzendaritzari eskatu diote horiek lehengoratzeko eskaera egitea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Alkartasuneko sektore kritikoko ordezkariek salatu dute sei kideren (Maiorga Ramirez, Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga, Koldo Amezketa, Ikerne Badiola, Leire Lopez de Aberasturi), eta Azpeitiko eta Zarauzko EAren Twitter kontuak itxi dituztela.
Maiorga Ramirezek beste kaltetuekin batera gaur goizean Donostian eskaini duen prentsaurrekoan azaldu duenez, "ekintza koordinatua" izan da eta sektore ofizialari egotzi diote beraiek isilarazi nahi izatea. Gertaturikoa Ertzaintzari eta Foruzaingoari jakinarazi diotela eta beraien ahotsa entzunarazteko lan egingo dutela nabarmendu dute.
Bestalde, EAko zuzendaritzari eskatu diote itxitako Twitter kontuak lehengoratzeko eskaera egitea.
Prentsaurrekoa amaituta, EAko zuzendaritzak erantzun du "erabat gezurrezkoa" dela Azpeitiko eta Zarauzko kontu horiek "orain itxi izana"; izan ere, alderdiaren arabera, Twitterrek martxoan itxi zituen.