Politika -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Inaxio Oiarzabal: "Guk ez dugu amnistia eskatzen, etxeratze prozesua bultzatzen dugu"

Sareko bozeramailearen esanetan, presoen etxeratze prozesua legearen baitan eta normaltasunez egitea, hori da ikur berriak eta etxera leloak esan nahi duena. Urruntze politikaren amaiera gertu dagoela eta otsaila-martxoan gauzatu daitekeela uste du.

Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramailea Euskadi Irratian
Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramailea Euskadi Irratian
Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramailea Euskadi Irratian

play icon 20:08

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urruntze politikaren amaiera gertu dagoelakoan, irudi berria aurkeztu dute aste honetan Etxerat elkarteak eta Sarek. Gezidun Euskal Herriko mapa eta "Euskal presoak Euskal Herrira" leloa desagertu dira eta horien tokian bi gezi eta "Etxera" leloa ageri dira. Hainbatek "Etxera" horren atzean amnistia egon daitekeela ulertu dute, baina hori goitik behera gezurtatu du Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramaileak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan gaur goizean egin dioten elkarrizketan.

"Etxeratze prozesua bultzatzen dugu, legeak dioenaren baitan (gradu progresioa egiteko bidea irekitzea) eta normaltasunez egitea, hori da eskatzen duguna. Hori da 'Etxera' eta ikur horrek esan nahi dutena", nabarmendu du. Horren esanetan, zenbait sektoretatik, nahita, nahasmena sortu nahi izan dute. Dena dela, argi eta garbi utzi nahi izan du salbuespen legediarekin amaitzeko eta presoen etxeratze prozesua normaltasunez gauzatzeko lan egiten dutela.

34 urte luze eta gero, sakabanaketa politika datozen asteetan edo bi hilabeteetan amaitzea espero du Inaxio Oiarzabalek. Ildo horretan, otsailean edo martxoan gauzatu daitekeela uste du. "Zenbakiak hor daude. Oraindik 13 bat preso daude Espainiako kartzeletan eta horiek emateko erabakia hartu arte ez genuke esango amaitutzat dagoenik", gehitu du.

Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena bere gain hartu zuenetik urtebete pasatxo denean balorazio positiboa egin du Oiarzabalek, baina denbora eman behar zaiola zehaztu du. "Aldaketek denbora eskatzen dute eta aldaketa horiek oinarri sendoagoarekin egiteko denbora gehiago behar da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia Espetxe politika Manifestazioak gaur ETA