Politika -

URTE BUKAERAKO MEZUA

Osakidetzaren "zailtasunak eta arazoak" bideratzea izango da Jaurlaritzaren 2023ko lehentasunetako bat

Gabon zahar eguneko mezuan, datorren urterako bost erronka nagusi aipatu ditu lehendakariak. Osakidetzaren “arazoak” bideratzeko “gogotik ahaleginduko” direla agindu du. Lehen mailako arreta zerbitzuak hobetzea izango da lehentasuna.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: Irekia
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: Irekia
Iñigo Urkullu lehendakariaren urte bukaerako mezua, osorik

8:01

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 2023rako mahai gainean dituen bost erronka nagusiak aipatu ditu Iñigo Urkullu lehendakariak urte amaierako mezuan, eta horien artean, aipamen berezia egin dio "osasunari eta bizi kalitateari", horretarako Osakidetzaren egoeraren inguruko gogoeta eginez. Covid-19aren pandemiak "munduko osasun-sistema guztiak, baita gurea ere, tenkatu" dituela esan ondoren,  EAEko osasun sistema publikoak "azaroak eta zailtasunak" dituela onartu eta horiek  konpontzeko "gogotik ahaleginduko" direla hitz eman du. "Gure altxorra da eta", esan du.

Urtero bezala, Ajuria Eneatik igorri duen mezuan,  lehendakariak adierazi du  "lehentasuna" emango diotela "lehen mailako arreta zerbitzuak hobetzeari", "betiere, bakarra den Osakidetzaren zerbitzu publiko batean".  "Argi esango dut: Osakidetzako plantilla profesionala indartzen jarraituko dugu", adierazi du.

Ia zazpi minutuko hitzaldian aipatu dituen beste erronkak ekonomia indartzea eta kalitatezko enplegua sortzea, trantsizio energetikoa, berrikuntza eta gazteen aldeko apustua daude. Alor horietan guztietan "hobetzeko guneak" egon badirela onartu du,  eta horiek bideratzeko, "hurbiltasunetik eta auzolanean" akordioen alde lanean jarraituko dutela azaldu du, "bereziki behar handiena duenari arreta eskainiz". 

Alor ekonomikoari dagokionez, enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa sortzearen alde egin du, eta Euskadik horretarako aukerak badituela nabarmendu. "Euskadi lan egiteko toki erakargarria dela erakusten jarraitu behar dugu".

Halaber, trantsizio energetikoaren bidean "anbizio handiagoa" izatea premiazko jo du, "energia-iturri berrien edo ekonomia zirkularraren aldeko apustua" eginez.

Bestalde, etorkizunaren giltzarria "berrikuntza eta ikerketa" direla ere esan du, eta beherakada demografikoari aurre egiteko, gazteen emantzipazioaren aldeko apustua jarri du erdigunean.

Alabaina,  "ziurgabetasuna eta segurtasunik eza" nagusi diren agertokian,  "begirada lasaia, positiboa eta globala" eskatu ditu lehendakariak, "amore emateko arriskua" alde batera utzita.  Horretako, "gure aurrekoen ahaleginaren gaineko gogoeta" egiteko deia ere egin dio gizarteari, "haien ikuspegiari esker, zailtasunak gainditu ahal izateko".

Amaitzeko,  erronka horiek guztiak  "aurrera eramatea" gizarte osoaren ardura dela adierazi du, eta gakoa "auzolana" dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gabonak albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa