Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Aizpurua: "Ez gara BEZa jaistearen aldekoak, baina oinarrizko elikagaien kasuan zerbait behar dugu"
EH Bilduren Kongresuko bozeramailearen ustez, BEZa jaisteko erabakia "tentuz" hartu behar da, eta elikagaien prezioak igotzen badira, "topea jarri behar zaie", eta Espainiako Gobernuaren proposamena "bide bat izan daiteke"
Mikel Dominguez | EITB Media
Mertxe Aizpurua EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak oinarrizko elikagaien prezioetan eragiteko neurriak defendatu ditu, Euskadi Irratiko Faktorian egindako elkarrizketa batean.
Azaldu duenez, EH Bildu ez dago, orokorrean, BEZa jaistearen alde, baina elikagaien prezioek "guztiei eragiten diete", eta "egia da elikagai basikoetan zerbait behar dugula". "Elikagaien prezioek gora eta gora egiten badute, igotzen badira, topea jarri behar zaie", esan du.
Zentzu horretan, Espainiako Gobernuak proposatutakoa "bide bat izan daiteke". "Ez dugu gaizki ikusten, planteatzen duten bezala. Gero, ikusi behar da. BEZa jaistea bezalako erabakiak tentuz hartu behar dira", gehitu du.
Gainera, distribuzio katean "esku hartu beharko litzateke", hor ematen baitira prezioen igoera gehienak. Aizpuruak azaldu du behin behineko neurriak baino ez direla hartzen, arazoa "egiturazkoa" den arren. Zentzu horretan, banaketa enpresa handiei, banketxeei eta enpresa energetiko handiei bezala, zergak igotzea defendatu du.
Aizpuruaren arabera, badu "logika" erregaien 0'20 euroko deskontu orokortua sektore batzuentzat bakarrik mantentzea, beherakada orokorraren "erabilpen txarra" egin delako. "Erabakia desberdina izango litzateke prezioak oraindik topera egongo balira", gehitu du.
Edozein kasutan, Espainiako Gobernuak aurkeztu behar dituen neurriak "azaletik" baino ez ditu ezagutzen Aizpuruak, Exekutiboak ez dituelako aurretik EH Bildurekin negoziatu.
Erabakitze eskubidea Euskal Herrian adostu beharra
EAJk erabakitze eskubidea sartzeko Konstituzioa aldatzeko proposamenaz galdetuta, Aizpuruak nabarmendu du EH Bildu ez dagoela kontra, baina "inora ez doan bide bat irekitzea" dela. "Hori ez da aterako, denek dakite, EAJk eta Juntsek badakite". Horregatik, Euskal Herritik "zerbait adostuta eraman beharko genuke, eta ez horrela".
Zentzu horretan, Pere Aragonesek Kataluniarentzat egindako proposamenarekin bat dator Aizpurua, eta Euskal Herria bide beretik joatea nahi du. Kataluniak eta Euskal Herriak "nolabaiteko fronte bat planteatu beharko genioke Estatuari, ez baita gure arazoa, Espainiak duen arazoa baita".