Politika -
Adierazpen instituzionala
Sanchez: "Gobernuak Konstituzionalaren erabakiari men egin, eta blokeoaren aurkako neurriak hartuko ditu"
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, PSOEk eta Unidas Podemosek diseinatutako lege erreformen tramitazioa bertan behera utzita, “lasaitasun” mezua eman dio gizarteari, baina ohartarazi du: “Demokraziak behar du legea errespetatzea”.
EITB MEDIA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak esan duenez, Gobernu espainiarrak "men egin dio" Auzitegi Konstituzionalak astelehen gauean hartutako erabakiari, alegia, PSOEk eta Unidas Podemosek bultzatuko lege erreformen tramitazioa bertan behera uzteari (Kongresuak onartu egin ditu erreformak, eta orain Senatuan egin beharreko tramitazioa geldiarazi diote), eta gehitu du Espainiako Gobernuak Konstituzionalean bertan eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian dauden blokeoen aurkako neurriak abiatuko dituela. Adierazpen instituzional batean, Sanchezek "lasaitasun" mezua eman dio gizarteari, baina, halaber, ohartarazi egin du: "Demokraziak behar du legea errespetatzea".
Testuinguru horretan, Pedro Sanchezek nabarmendu du Auzitegi Konstituzionalak, aldeko sei boto eta kontrako bost emanda, espainiar Estatuan "demokraziaren 44 urteetan aurrekaririk ez duen erabakia" adostu duela. Sanchezen hitzetan, abiapuntua da PPk, "Konstituzioaren agindua ez betez", blokeo egoera sustatu duela, bai Konstituzionalean, bai Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian. PPren helburua da, espainiar presidentearen iritziz, bi organoetan "aurreko osaerari eustea", kontuan izanik hori "mesedegarriagoa" dela PPrentzat.
Azpimarratu duenez, "eta herritarrek eman ez dieten botereari neurri faltsuak baliatuz eusten saiatzea helburu", PPk hainbat aitzakia erabili ditu, eta, horren ondorioz, "egoera larria" da orain; izan ere, "herritarrek demokratikoki hautatutako ordezkariek ezin dute euren eginkizuna bete", salatu duenez. "Honek ez du aurrekaririk Espainian, eta Europan ere ez", esan du, eta ziurtatu du ulertu egiten duela herritarrak "haserre eta kezkatuta" egotea "talka instituzional horrengatik".
Hala, Pedro Sanchezek, "Espainia demokrazia nagusietakoa" dela mahaigaineratuta, gogora ekarri du "baliabideak daudela egoera honi amaiera emateko: Legea, eta Konstituzioa betetzea", zehaztu du. Jarraian, adierazi du Espainiako Gobernuak "men egiten" diola Konstituzionalaren akordioari, eta, halaber, "neurriak" abiatuko dituela blokeoa geldiarazteko. Sanchezek, hori bai, ez du esan zeintzuk izango diren neurri horiek, baina azpimarratu du horien xedea dela lortzea herritarrek 2019ko hauteskunde orokorretan erakutsitako borondatea errespeta dadila.