Politika -

ELKARRIZKETA

Urkullu: "Politika eta justizia aspalditik daude nahastuta Espainian"

ETBn eta Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Osakidetzaren krisiaz ere mintzatu da lehendakaria. Haren hitzetan, berrantolaketaren helburua ez da aurreztea. "Aurrekontuak, 10 urtean, % 48 egin du gora", zehaztu du.

Iñigo Urkullu, gaur, EITBn
Iñigo Urkullu, gaur, EITBn
Iñigo Urkullu, Osakidetzaren berrantolaketari buruz: ''Helburua ez da dirua aurreztea''

1:29

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Karguaren jabe egin zela hamar urte bete direnean, Odei Esnaola eta Iñaki Guridi kazetariek Iñigo Urkullu lehendakaria elkarrizketatu dute ETB1eko "Egun On Euskadi" eta Euskadi Irratiko "Faktoria" saioetan. Atzo hirugarren aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen Maialen Lujanbio zorionduz abiatu duen elkarrizketan, hainbat gai izan ditu hizpide, hala nola, Espainiako Botere judiziala, Osakidetzako krisia, transferentziak eta ekonomia.

Osakidetzako krisia

Donostialdeko ESIan lehertutako polemikari buruz galdetuta, Urkulluk aitortu du "agian, komunikazio arazoa" izan dela barne egituran, eta "autokritikarako prest" agertu da. Halere, "osasun arreta bermatuta" dagoela ziurtatu du, eta Osakidetzarako proposatzen ari diren berrantolaketaren helburua "inola ere", ez dela "aurreztea" gaineratu du. Areago, zehaztu du esku artean duten estrategian "erronka gehiago" eta "baliabide gehiago" jartzea aurreikusten ari direla.

Lehendakariak nabarmendu duenez, azken hamar urteotan EAEn osasungintzara bideratutako "% 48 hazi da, beste alorretan, batez beste, % 40 igo denean". "Ez da murrizketarik proposatzen. Zerbitzuen kartera eta plan estrategikoa da eztabaidagaia", zehaztu du.

Berrantolaketak, lehen eta orain, "beharrezkoak" direla iritzi dio, eta gizartea bera aldatzen ari den heinean, zerbitzuak ere berrantolatu egin behar direla nabarmendu du. Bide horretan kokatu ditu Osakidetzaren egitura ezberdinetan, azkenaldian, proposatzen ari diren aldaketak, tartean, Basurtuko bihotzeko kirurgia zerbitzua Gurutzetako Ospitalera lekualdatzeko erabakia.

Botere banaketa

Azken egunotan albiste den Espainiako Botere Judizialaren erreformari buruz ere aritu da EAEko gobernuburua. Horren hitzetan, Espainian aspalditik daude nahastuta botere judiziala eta politikoa, eta ez zaio onargarria iruditzen "prebentiboki bada ere" Espainiako gorteen jarduna aurrez baldintzatzea. "Botere banaketaz hitz egiten denean, zalantzan jartzen dut Justiziak konpromisoak izan dituelako segun eta zein dagoen agintean", adierazi du.

Halako jokabideak "beti ezagutu" direla eta beste behin "politikaren judizializazioa" bakarrik ez, "justiziaren politizazioa" agerian geratu dela uste du.

Ekonomia

Egoera ekonomikoaz ere aritu da lehendakaria, eta EAEko ekonomia moteltzen ari dela onartu ondotik, atzeraldirako arriskurik ez duela ikusten adierazi du, baita Eusko Jaurlaritzak 2023rako % 2ko hazkunde aurreikuspenari eusten diola gogora ekarri ere.

Inflazioaren ondorioz, herritarren zati handi bat pobretzeko arriskua egon badagoela ere azaldu du, eta horri aurre egitea dela bere helburu eta kezka nagusietako bat. "Hasieratik, nire helburu nagusia gizarte kohesioarena izan da. Pertsona helburu eta auzolana izan dira nire leloak, eta horrekin esan nahi dut ekonomiaren suspertzea bilatu behar dugula gizarte kohesionatuagoa eta integratuagoa lortzeko. Atzera begiratuta, gizarte integratuagoa dugula esan dezakegu", esan du.

Bestalde, aberastasun handien gaineko zergari buruz, lehendakariak zehaztu du Jaurlaritzak "ondo ikusten" duela energia enpresa handiei zerga mota hori ezartzea, betiere, "ezohikoak diren onurengatik". Zentzu horretan, Urkulluk argi utzi du horrelako erabakiek "arriskuak ere" badituztela, eta hori "gizarteak jakin egin behar duela". "Gizarteak kontuan hartu beharko luke arriskuak ere hartzen direla. Horrelako enpresa erraldoiek bere inbertsioetarako beste erabaki batzuk hartzea ekar dezakete, eta guk bermatu behar dugu enpresa horiek hemen jarraitzea", esan du.

Iñigo Urkullu: ''Jaurlaritzak ondo ikusten du energia enpresa handien zerga, beti ere ezohiko mozkinentzat''
Iñigo Urkullu: ''Jaurlaritzak ondo ikusten du energia enpresa handien zerga, beti ere ezohiko mozkinentzat''
Iñigo Urkullu: ''Jaurlaritzak ondo ikusten du energia enpresa handien zerga, beti ere ezohiko mozkinentzat''

1:29

 Transferentziak

Halaber, Espainiako Gobernuari emandako hitza ez betetzea egotzi dio Gernikako Estatutuan jasota dauden eta oraindik eskualdatzeke dauden transferentzien inguruan. Lehendakariaren arabera, agindutako egutegia betetzeko "urtebeteko epea geratzen zaio Madrili" eta "ez da erraza pentsatzea falta diren 25 eskuduntzak eskualdatuko direnik". Halere, Pedro Sanchezen Gobernuari esan dio hainbat gaitan aurrerapausoak emateko tartea egon badagoela, eta urratsak eman ditzala eskatu dio.

Iñigo Urkullu, transferentzien inguruan: ''Ez da Espainiako Gobernuak emandako hitza beteko''
Iñigo Urkullu, transferentzien inguruan: ''Ez da Espainiako Gobernuak emandako hitza beteko''
Iñigo Urkullu, transferentzien inguruan: ''Ez da Espainiako Gobernuak emandako hitza beteko''

2:53

Bere etorkizuna

Azkenik, lehendakari karguan 10 urte bete ondoren bere etorkizun politikoaz ere galdetu dioten arren, Urkulluk ez du argitu berriro kargurako hautagai izango den ala ez. "Oraindik 15 hilabete falta dira, eta tarte horretan Udal eta Foru Hauteskundeak eta Hauteskunde Orokorrak ditugu, besteak beste. Ni, nire aldetik, egunerokotasunari eusten ari natzaio eta epe ertain eta luzera begira Euskadi nola eraiki pentsatzen ari naiz", esan du.

Iñigo Urkulluk ez du argitu hurrengo hauteskundeetan lehendakarigai izango den
Iñigo Urkulluk ez du argitu hurrengo hauteskundeetan lehendakarigai izango den
Iñigo Urkulluk ez du argitu hurrengo hauteskundeetan lehendakarigai izango den

1:11
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia Politika albisteak Albisteak Osakidetza Iñigo Urkullu biografia Eusko Jaurlaritza Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Irratia euskaraz Hezkuntzako albisteak 2024