Politika -
KRISIA OSAKIDETZAN
Sagarduik Donostialdeko ESIari buruzko azalpenak emango ditu gaur Eusko Legebiltzarrean
EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Cs-ek Sagarduiren agerraldia eskatu zuten Eusko Legebiltzarrean. Gainera, Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia Donostia Ospitaleko medikuen ordezkaritza batekin bilduko da, azken asteotako krisia bideratzea helburu.
EITB Media
Donostialdeko ESI Erakunde Sanitario Integratuan izandako kargugabetzeen eta dimisioen ondotik, Osasun sailburuak gaur, astelehenarekin, emango ditu azalpenak Eusko Legebiltzarrean.
EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Cs-ek Gotzone Sagarduiren agerraldia eskatu zuten Eusko Legebiltzarrean. Azkenean, ordea, berak eskatuta agertuko da Osasun Batzordera. EH Bilduk eta PP+Cs talde parlamentarioek Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren kargugabetzea eskatu zuten.
Saioa 09:30ean hasiko da, eta eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da.
Osakidetzako krisia lehertu eta hiru egunera, prentsaurrekoa eskaini zuen Osasun sailburuak, eta adierazi zuen Osakidetzaren sarea osatzen duten erakunde guztiek "elkarri lotuta" lan egin behar dutela "ikuspegi partekatu batekin". Haren hitzetan, zentro bakoitzeko zuzendaritza taldeen "ardura da itun hori eraginkor egitea", eta Donostialdeko ESIaren kasuan "zailtasunak izan dira ikuspegi bateratu eta jarduera koordinatu" horri eusteko. "Donostialdeko ESIaren kasuan izan diren hainbat gertakarik hala eskatuta, pertsonak aldatzea beharrezkoa izan da. Sare bat gara". Hala azaldu zuen sailburuak, gertakari horiei buruzko xehetasunik eman gabe. "Halako egituretan, aldaketak ohikoak dira, arduradun aldaketak sarri gertatzen dira", gaineratu zuen.
Joan den astelehenean, Gotzone Sagarduik esan zuen gaur Eusko Legebiltzarrean Donostialdeko ESIari buruzko ''azalpen guztiak'' emango dituela, nahiz eta batzuek ''gutxi'' entzun.
Gainera, Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia Donostia Ospitaleko medikuen ordezkaritza batekin bilduko da azken asteotako krisia bideratzea helburu.
Donostialdeko ESIko profesionalek, ostiralean, Donostia Ospitalean batzar nagusia egin ostean eta Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusiarekin izango duten bilerari begira, adierazi zuten "elkarrizketa" gaur hasiko dela, eta nabarmendu dute euren asmoa "eraikitzea" dela. Ostiraleko batzar nagusian 100 bat profesional izan ziren, tartean hainbat zerbitzuburu, atalburu, mediku eta erizain, eta, adierazi dutenez, "zantzuak" ikusi dituzte, Osakidetzaren aldetik: "Horregatik gaude hemen. Astelehenean, asmoa da hitz egiten hastea, eta denon artean irtenbide bateratua bilatzea", esan dute.