Politika -
Kongresua
Konstituzionalaren eta Zigor Kodearen erreformak onartu ditu Kongresuak, saio gatazkatsu batean
Sedizioa indargabetzea, bidegabeko erabiltzearen zigorrak murriztea eta Konstituzionala aldatzea onartu du Kongresuak, aldeko 184 botorekin. PSOEk, Unidas Podemosek eta parlamentu aliatuek babestu dute; PPk eta Ciudadanosek ez du botorik eman, protesta gisa, eztabaida zakar baten ostean.
EITB MEDIA
Kongresuak onartu egin du Espainiako Gobernuak bultzatutako erreforma ostegunean, Bilkura gatazkatsu baten ostean eta kolpismo salaketen artean. Hala, Ganberak adostu du sedizio delitua indargabetu eta desordena publiko larriagotuko delitu bilakatzea, bidegabeko erabiltzearen zigorrak murriztea eta Auzitegi Konstituzionala aldatzea. Hain zuzen, Konstituzionalari begira izan dira diputatuak; azkenean, astelehenean erabakiko du lege horretako zati bat geldiarazten duen, PPk hala eskatuta.
PPk eta Ciudadanosek ez dute botorik eman, protesta moduan. Espainiako Gobernuan koalizioan dauden bi alderdiek, alegia, PSOEk eta Unidas Podemosek, aldeko botoa eman dute, bai eta alderdi horien parlamentu aliatuek ere; guztira, aldeko 184 boto izan dira. Kontrako 64 boto eta abstentzio bat ere izan dira. Orain, Senatura doa lege proposamena; azken orduan, PSOEk eta Unidas Podemosek erreforma sartu dute, Auzitegi Konstituzionaleko lau magistraturen berritzea desblokeatzeko, berritze hori egin gabe baitago. Voxek kontrako botoa eman du.
Espainiako Gobernuaren helburua da legea urtea amaitu aurretik sartzea indarrean. "Proces"eko liderrak sedizioagatik eta bidegabeko erabiltzeagatik zigortu zituzten, eta orain, aldiz, aldatu egin dituzte. Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia oraindik epaitu behar dute, delitu horiengatik. Aurreikuspena da Senatuan hilaren 22an egite bozketa.
PPk Konstituzionalaren aurrean aurkeztutako helegiteak ezkerra batu du; izan ere, ezkerreko alderdiek egotzi diote PPri auzitegietara joaten dela, hauteskundeetan galtzen duenean. Helegitearen asmoa zen Botere Judizialeko legeen eta Konstituzionalaren erreforma geldiaraztea; PPren argudioa zen Espainiako Gobernuak hasiera batean sedizioa indargabetzeko baliatu nahi zuen proposamenaren bidez egin nahi zuela erreforma hori.
"Demokrazia trikornioak erabiliz geldiarazten saiatu zineten, eta gaur togak baliatuz egiten saiatu zarete", esan die Felipe Sicilia bozeramaile sozialistak. "Orain, ez dituzue pistolak aldean, togak baizik", azpimarratu du ERCko Gabriel Rufianek. EH Bilduko Jon Iñarrituren iritziz, "gaur izan da gertaerarik larriena, demokraziari dagokionez, 1981eko otsailaren 23tik".
PPren, Voxen eta Ciudadanosen hitzaldi oso gogorrak
PPk, Voxek eta Ciudadanosek hitzaldi oso gogorrak egin dituzte. Salatu egin dute erreformaren tramitazio espresa; hiru lege organikori eragiten die, eta "agintari independentisten neurrira" egin dute, esan dutenez. Pedro Sanchez "koldartzat" jo dute, Bilkuran ez baita egon.
"Jarraitu helegiteak aurkezten; guk legeak aurkezten jarraituko dugu, jendearen bizitza hobetzeko eta Espainiak Bruselan dituen interesen alde egiteko. Bertan dago Gobernuko presidentea", erantzun du Siciliak. Azken horrek, bereziki, PPren aurka egin du, abiatutako neurriak ia aipatu gabe.
PPko Cuca Gamarrak, Konstituzioa eta PSOEren hauteskunde programa aldean, erreformak onura ekartzen dien kataluniar politikoen izenak berrikusi ditu, eta ohartarazi dio Espainiako Gobernuari: "Hau independentisten bide orrian, beste geltoki bat da, hori baino ez. Txaloka ari dira".
Voxeko diputatuek ez dute Bilkuran parte hartu, baina Javier Ortega Smithek hitzaldia eman du, eta salatu du "Estatu kolpea izan dela, erakundeetako barnetik: "Kolpista guztientzako ezkutuko amnistia" eta muturreko ezkerraren aldetik Konstituzionalaren eta botere judizialaren aurkako "indarkeria eta mehatxuko klima onartezina" gaitzetsi ditu.
EAJko bozeramaile Mikel Legarda, ordea, alde azaldu da. Esan duenez, ekimenak indartu egiten du Katalunian jarraitu zuten Estatu politika, "eta PPk Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari egindako blokeoa" gainditu egiten du: "Elkarbizitzak, batzuetan, neurri ezohikoak eskatzen ditu, eta erakundeetako blokeoek ere bai".
Juntsek eta EH Bilduk, proposamena ez nahikotzat jo badute ere, aldeko botoa eman dute. PDeCATek, berriz, kontrako botoa eman du, "2017ko urriaren 1ean deliturik ez baitzen egon, eta Kataluniako lider independentisten aurka egiten jarraituko dutelako".