Politika -

Justizia

Astelehenera atzeratu dute Botere Judizialaren aldaketak aztertuko dituen Konstituzionalaren bilera

Auzitegia premiazko bilkura egiten ari da, erabakitzeko onartzen duen ala ez PPk jarritako helegitea Botere Judiziala erreformatzen duten zuzenketen aurka, sedizio delituaren indargabetzearen barruan.

Botere Judizialaren Kontseilu Orokorra. Argazkia: EFE
Botere Judizialaren Kontseilu Orokorra.
Botere Judizialaren Kontseilu Orokorra. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehenera atzeratu dute Auzitegi Konstituzionalaren ezohiko eta premiazko osoko bilkura. Ia lau orduko atzerapenarekin hasi da, baina PPren helegitea eta PSOEren, Unidas Podemosen eta Voxen idazkiak aztertzeko denbora eskatu dute magistratuek.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, berme auzitegiaren osoko bilkurak Pedro Gonzalez-Trevijano presidentearen eta Antonio Narvaez magistratuaren ezespenei buruzko ebazpena eman behar du lehendabizi, legearen erreformak zuzenean eragiten dielako, auzitegitik ateratzea ekarriko lukeelako.

Jaume Asens Unidas Podemosen talde parlamentarioko presidenteak eskatu du Pedro Gonzalez-Trevijano Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak eta Antonio Narvaez magistratuen errekusazioa. Helburua da horiek ez parte hartzea Auzitegi Konstituzionaleko kideak izendatzeko proposamenaren aurka PPk aurkeztutako helegiteari buruzko erabakian. Izan ere, erreforma hori onartuz gero Espainiako Gobernuak izendatutako magistratu berriek ordezkatuko lituzkete.

Gonzalez-Trevijano eta Narvaez dira agintaldia ekainaren 12an amaitu zitzaien Auzitegi Konstituzionaleko lau epaileetako bi. Bi horiek Mariano Rajoyren Gobernuak izendatu zituen bere garaian, eta beste biak —Antonio Xiol lehendakariordea eta Santiago Martinez-Vares— Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak izendatu zituen.

Bileran, astelehenean, Konstituzionalak aztertuko du onartzen duen PPk egindako eskaera, sedizio delitua indargabetzen duen lege proposamenari egindako zuzenketa partzialen tramitazioa kautelaz geldiarazteko.

Bermeen auzitegiak jakitera eman duenez, asteazkenean erregistratu dute PPk Kongresuan aurkeztutako babes helegitea. Gaiari buruzko txostena Enrique Arnaldo magistratuak egingo du.

PSOEk eta Unidas Podemosek sedizio delitua indargabetzeko lege proposamenean zuzenketa partzialak onartu zituzten astelehenean, Justizia Batzordearen Mahaian, horiek tramitatzearen aurka helegitea jarri dute PPko diputatuek.

Zuzenketa horietan, Espainiako Gobernuko taldeek proposatzen dute, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Auzitegi Konstituzionalerako bere bi hautagaiak izendatzeko, hiru bosteneko gehiengotik —orain gutxienez 11 boto behar dira— gehiengo soilera igarotzea, eta, organoak bi hautagai bidaltzeko betebeharra urratzen jarraitzen badu, kideei erantzukizun penalak eskatu ahal izatea. Botere Judizialaren gobernu organoak lau urte daramatza berritu gabe.

Gainera, zuzenketa horren arabera, 18 bokaletako bakoitzak bi hautagai proposatu eta bozkatu beharrean, hautagai bakarra proposatu eta bozkatuko luke. Horrek bermatuko luke Kontseiluko bloke bakoitzak (aurrerakoiak eta kontserbadoreak) aukeratutako hautagaiak izango liratekeela bozkatuenak.

Cuca Gamarra PPko idazkari nagusiak eskatu du Konstituzionalak ostegun honetako osoko bilkura baino lehen erabakitzea. Gamarraren esanetan, "Konstituzio Auzitegia kontrolatzeko bi lege organikoren aldaketa atzeko atetik sartu nahi da".

Aurrekaririk ez

Konstituzionalak ez du inoiz geldiarazi martxan zegoen prozesu legegile bat alderdi batek aurkeztutako babes helegite batengatik, orain PPk nahi duen bezala.

EFE agentziak aipatutako iturri juridikoen arabera, "40 urtean ez dago aurrekaririk" arau baten izapide bat geldiarazi denik talde parlamentario batek eskatuta babes errekurtso bat jartzeagatik. Iturriek azaldu dutenez, babesa eska daiteke izapide batengatik —Mahaiaren erabakiengatik, adibidez—, baina "ez dago aurrekaririk babes horrek tramitazioa geldiarazteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainia Eguneko albisteak Albisteak Auzitegi Konstituzionala