Politika -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
EAJk babestu egingo du diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituaren erreforma
Aitor Esteban EAJren Diputatuen Kongresuko bozeramaileak azaldu duenez, ados daude 2015ean PPk gehiengo osoa zuela aldaketa egin aurreko puntura itzultzearekin.
EITB Media
Diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua erreformatzeko proposamena aurkeztuko dute gaur PSOEk eta Unidas Podemosek. EAJk aldaketa babestu egingo duela aurreratu du. Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan Aitor Esteban EAJren Diputatuen Kongresuko bozeramaileak gogoratu duenez, Alderdi Popularrak duela zortzi urte gogortu egin zuen dirua bidegabe erabiltzearen delitua. "Gaur planteatu nahi den Zigor Kodearen erreformarekin 2015ean PPk gehiengo osoa zuela aldaketa egin aurreko puntura itzuli nahi bada, egokia iruditzen zaigu eta babestu egingo dugu", azpimarratu du.
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakaria kezkatuta ikusten du. "Lehendakaria ulertzen dut, kezkatuta dago. Eskumenen transferentzia beste aldeak egiten du, Espainiako Gobernuak, eta, nire ustez, desleialtasuna dago, [Gernikako Estatutuaren] % 70 bete da tematuta gaudelako, baina beste gai batzuetan ez dut inolako borondaterik ikusten". Aitor Estebanek uste du aldiriko trenen transferentzia bideratuta dagoela, eta espero du berandu baino lehen akordioa lortuko dutela.
Erregai litroaren gaineko 20 zentimoko deskontua gaur-gaurkoz ezagutzen dugun moduan desagertu egingo da urtarrilaren 1etik aurrera, eta ikusteko dago garraio publikoko deskontuarekin zer gertatuko den. "Guk garraioaren gaian esan genuen, ea ministroak zer erantzuten digun, eta, espero dugu laguntza mantentzea. Ez dakit zer egingo duten erregaiekin. Laguntza batzuk agian selektiboak izan behar dira", gaineratu du.