Politika -

bizkaia

Sarek manifestazioa egin du Durangon ETAko presoen gradu progresioak "atzera botatzen" dituztela salatzeko

Herritarren sareak ohartarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradura igarotzea onartu dien 33 presoetatik 23 kasu errekurritu ditu Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, eta horietatik sei espetxera eta bigarren gradura itzuli dira.

Sareren manifestazioa, larunbat honetan. Argazkia: EITB Media
Sareren manifestazioa, larunbat honetan. Argazkia: EITB Media
Sareren manifestazioa, larunbat honetan. Argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare herritarrak ETAko presoen "gradu atzerakadak" salatu ditu Durangon egindako manifestazio batean, ez direla "justizia, mendekua baizik", eta ETAko presoentzako espetxe politika "arrunta" eskatu du.

"Etxerako bidean oztoporik ez" zioen pankarta baten atzean, mobilizazioa Landako gunetik abiatu da eta EH Bilduren ordezkaritza nabarmena izan du.

"Giza Eskubideen Nazioarteko Egunak suposatzen du Giza Eskubideen multzoaz hitz egin behar dugula, baita euskal presoei eragiten dieten eskubideez ere", adieraz du Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak.

Zehaztu duenez, larunbat honetako manifestazioak, Bilbon urtarrilaren 7an egingo denak bezala, "espetxe politika arrunta eskatzen du". "Espetxe ezberdinetan dauden euskal presoen artean, 110, % 64 alegia, erdi aske egon daitezke zigorraren erdia aise bete dutelako", adierazi du.

Era berean, ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradura igarotzea onartu duen 33 presoetatik, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 23 kasu errekurritu dituela, eta horietatik sei espetxera eta bigarren gradura itzuli dira. "Oraindik 13 helegite daude bideratzeke. Horrek ez du inolako logikarik", gaineratu du.

Martxaren amaieran, Sarek ohar bat irakurri du eta, bertan adierazi duenez, "euskal gizartearen zati handi bat bat dator presoek pairatzen duten eskubide urraketari amaiera emateko beharrarekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal herriak Zer gertatu da Bizkaian? EAE albisteak Presoak argazkiak ETA albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Durango Gaurko azken orduko albistea Manifestazioak gaur