Politika -

Krisia, Osakidetzan

Donostialdeko ESIaren krisia Eusko Legebiltzarrera ere iritsi da

Ostiralean, Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuaren aurrean oposizioko talde guztiek aurkeztutako zuzenketak eztabaidatu dituzte; lehendakariak, Bilkura hasi aurretik, eta talde batzuek krisia izan dute hizpide.

Carlos Iturgaizen iritziz, gertatzen ari dena "lotsagarria" da. Argazkia: EFE.
Carlos Iturgaizen iritziz, gertatzen ari dena "lotsagarria" da. Argazkia: EFE.
ESI Donostialdeako kargugabetzeak konfiantza ezagatik izan direla berretsi du Urkulluk

0:25

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostialdeko ESIaren krisia Eusko Legebiltzarrera ere iritsi da, ostiralean. Ganberan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuaren aurrean oposizioko talde guztiek aurkeztutako zuzenketak eztabaidatu dituzte, baina lehendakariak, Bilkura hasi aurretik, eta talde batzuek krisia izan dute hizpide. Azken egunetan, hainbat kargugabetze eta dimisio izan dira Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuaren Zuzendaritza taldean.

Testuinguru horretan, Iñigo Urkullu lehendakariak, Legebiltzarrera sartu aurretik, itxaropentsu azaldu da, uste baitu gatazka bideratu ahal dela, eta "lasaitasun mezua" helarazi dio euskal gizarteari. Lehendakariak Donostialdeko ESIko gerente Itziar Perezen eta Idoia Gurrutxaga zuzendari medikoaren kargugabetzeak babestu ditu, konfiantza kontuagatik.

"Konfiantza karguak dira. Parte hartutako planteamendua da, estrategikoa, hainbat bileratan komentatu da. Konfiantzarik ez badago, logikoa da horrela konpontzea, besterik gabe", laburbildu du Urkulluk. Ziurtatu duenez, "ez dago inolako arazorik" Donostialdeko ESIaren eta Donostia Ospitalearen berregituraketan: "Alderantziz; planteatzen ari gara erreferentzia handiagoa izatea", gehitu du, ospitale zentroaren gainean.

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi duenez, Donostialdeko ESIan dagoen "krisi handiak" egiaztatzen du Osakidetza "suntsitzen" ari dela, eta agerian uzten du Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren kudeaketak "gatazkak baino ez dituela sortzen".

Kortajarenak nabarmendu du ezin dela bide horretatik jarraitu, eta beharrezkoa dela "egiturazko erreformak" abiatzea Euskal Osasun Sisteman. Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua Gurutzetako Ospitalean birzentralizatzea eta Etengabeko Arretako Guneetan izandako "murrizketak" ere izan ditu hizpide; Osakidetza, Kortajarenaren esanetan, "herritarren artean, erreferentzia publikoa zen, eta hori galtzen ari da".

Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaile Miren Gorrotxategik, aldiz, leporatu dio Eusko Jaurlaritzari "osasun kudeaketa etengabeko gatazka" bihurtzen ari dela, eta adierazi du Donostialdeko ESIan izandako kargugabetzeak, dimisioak eta protestak eragin dituzten desadostasunak, hain zuzen ere Osasun Sailarekin izandako desadostasunak, "laguntza gainkargak, profesionalen ezak eta arreta ordutegietako murrizketek" eragin dituztela: "Badirudi, halaber, haserre handia dagoela ziurgabetasuna dagoelako Onkologikoa zentroaren etorkizunaren gainean, Osakidetzan integratuta", gehitu du.

Erakunde Sanitario Integratuan, Gorrotxategiren iritziz, "inoiz ez bezalako krisia" ari da gertatzen: "47 zerbitzuburu daude, eta 42k sektakeria, bertikaltasuna eta gaitasunik eza leporatzen dizkiote Jaurlaritzari. Benetako arazoa da Donostian jazotzen ari den hau ez dela puntuala, inoiz gertatu ez den zerbait; Jaurlaritzak etengabeko gatazka bilakatu du osasun kudeaketa".

PP+Ciudadanos taldeko presidente Carlos Iturgaizen iritziz, ESIan gertatzen ari dena "lotsagarria" da, eta eskatu du "arreta handiagoa eskaintzea, profesionalei babes handiagoa ematea, eta purga eta jazarpen gutxiago egon daitezela", kontuan izanik "Iñigo Urkullu lehendakariak sutan duela Osakidetza, kudeaketa oso txarra egiten ari delako".

Iturgaizek nabarmendu du beharrezkoa dela "gizarteari egonkortasuna eta ziurtasuna" ematea, krisi garaietan, "hau da, egunotan Osakidetzan egiten ari denaren kontrakoa"; adierazi duenez, osasungintzan ez da zertan egon "Sagardui sailburua erakusten ari den jarrera, gauzak inposatzearena. Herritarren arretarako oinarrizkoak diren erakundeak egoera oso zailean ari da jartzen".

Osakidetza gainbehera dagoela eta Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatu dute oposizioko talde guztiek
Osakidetza gainbehera dagoela eta Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatu dute oposizioko talde guztiek
Osakidetza gainbehera dagoela eta Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatu dute oposizioko talde guztiek

00:57
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Osakidetza Donostia argazkiak Albisteak Gipuzkoa Eusko Legebiltzarra albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Donostia Ospitalea