Politika -
Euskararen Nazioarteko Eguna
Euskararen "hazkunde eredugarria" azpimarratu du Urkulluk, eta erronken aurrean "ausardia" aldarrikatu du
Duela 40 urte Euskararen Legea "landu, onartu eta bideratu zutenen ausardi demokratikoa" goraipatu du lehendakariak, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Gasteizko Europa Jauregian egindako ekitaldian.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Azken 40 urte hauetan euskarak izandako "hazkunde eredugarria" azpimarratu du Iñigo Urkullu lehendakariak, larunbat honetan Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Gasteizko Europa Jauregian egindako ekitaldian. Gainera, euskararen erronkei aurre egiteko "ausardia eta adostasuna" aldarrikatu ditu.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere izan dira Europa Jauregian izandako ekitaldian, beste agintari eta euskalgintzako ordezkari batzuekin batera.
40 urte
Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legearen 40. urteurrena ere ospatu dute gaur lehendakaria buru izandako ekitaldian. Hori dela eta, legearen sorreran parte hartu zutenei omenaldia egin diete. Horrela Europa Jauregian Pedro Miguel Etxenike, Mari Karmen Garmendia eta Miren Azkarate sailburu ohien lekukotzak entzun ahal izan dira. Ekitaldian Inmaculada Boneta, Jose Luis Lizundia eta Jon Olaberria legebiltzarkide ohiak ere izan dira, besteak besteak.
Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, 40 urte bete dituen legea "landu, onartu eta bideratu zutenen ausardi demokratikoa ospatzen dugu. Ospatzearekin batera, gorazarrea ere egin nahi diegu euskararen aldeko lanari etorkizun oparo baten bidea zabaldu zioten haiei. Ikuspegi, sentiberatasun eta joera desberdinetakoak lankide bihurtzeko ausardia izan zuten". Lehendakariak gaineratu duenez, "gogotsu erantzun die euskal gizarteak: euskararen herriak euskarak 40 urteotan ezagutu duen hazkunde eredugarria eskaintzen die, oroigarri gisa, Euskararen Legea bideratu zutenei, haien jokabide ausart bezain adimentsuaren onespenez".
Amaitu berri den Euskaraldiari buruz lehendakariak esan duenez, "argi utzi digu euskararen erabilerarako dei ausartak baduela gizartea elkartzeko gaitasuna, ausardia eta zuhurtzia orekatzen asmatzen badugu, eraginkortasuna eta batasuna lotzen asmatzen badugu. Euskararen Legea bideratu zutenen ausardiaz".
Bingen Zupiria
Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez azken 50 urteotako bidea oso garrantzitsua izan da euskararentzat eta euskal hiztunontzat: "esango nuke inoiz izan duen goien gradura ekarri duela euskal erkidegoak gure hizkuntza. Egindako bideak, baina, eginkizun dagoena erakusten digu. Aurrera jarraitzeko aukeran gaude, eta alde ditugu egindako guztia, erakundeen babesa, herritarren atxikimendua eta akordioek ematen duten adostasuna. Goazen aurrera!".