Politika -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Mayak ez du erabaki Iruñeko alkategai izango den: "Gabonak arteko epea jarri nuen eta mantendu egingo dut"
Enrique Maya "konbentzituta" dago hurrengo udal hauteskundeetan egungo gehiengoak errepikatzen badira Joseba Asiron (EH Bildu) izango dela Iruñeko alkatea.
O. A. | EITB Media
Enrique Maya Iruñeko alkateak ez du oraindik erabaki berriro alkategai izango den ala ez: "Ez dakit, Gabonak arteko epea jarri nuen eta mantendu egingo dut". "Ez naiz antzerkia egiten ari, baloratzen ari naiz", gaineratu du.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioa EITBren Iruñeko estudioetatik egiten ari dira gaur eta Xabier Garcia Ramsdenek, besteak beste, Enrique Maya elkarrizketatu du.
Enrique Mayak esan du gaur egun ez duela ezer baztertzen, baina aitortu du "tokiko politikak bere gogortasuna" duela eta familia arrazoiek eta urteen joanak ere eragina dutela. Ildo horretan, arrazoi pertsonalen eta politikoen gaineko hausnarketa egiten ari dela adierazi du. Nolanahi ere, eskerrak eman dizkio Javier Esparza UPNko presidenteari azken erabakia bere gain uzteagatik. "(Alderdiaren partetik) oso errespetatua sentitzen naiz eta ez dut kexarik", esan du.
Bestalde, Enrique Maya "konbentzituta" dago hurrengo udal hauteskundeetan egungo gehiengoak errepikatzen badira Joseba Asiron (EH Bildu) izango dela Iruñeko alkatea. "Alderdi Sozialista Bilduri oso emana ikusten dut", azpimarratu du. Hori dela eta, Iruñean gehiengo osoa lortzearen garrantzia azpimarratu du, "inoren menpe ez egoteko".