Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Iriarte: "Berriztagarriak dira alternatiba bakarra, horiek ezarri behar dira ahalik eta gutxien suntsituta"
EH Bilduk aurkeztu berri duen Energia Estrategia defendatu du bozeramaileak, eta energia kontsumoa murriztearen alde egin, "kobazuloetara itzuli gabe, baina kultura aldatuta. Horren ustez, eredu demokratiko batera jotzen duten proiektuak lehenetsi behar dira.
E. G. | EITB Media
Maddalen Iriarte EH Bilduk Legebiltzarrean duen bozeramaileak ez du ezbairik egin klima aldaketari aurre egiteko hartu beharreko bidearen norabideaz: "Energia berriztagarriak dira alternatiba bakarra", azpimarratu du. Horren ustez, "ez dago beste erremediorik", eta erantsi du, ezartzeko orduan, "ahalik eta gutxien suntsitu" behar dela.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, koalizio subiranistak aurkeztu berri duen Energia Estrategia defendatu du Gipuzkoako Aldundirako hautagai ere badenak. Estrategia horrek energia kontsumoa erdira jaistea proposatu zuen, autosufizientzia bultzatuta. Iriartek argudiatu duenez, "autohorniketa handi batera hel gaitezke kontsumoa jaitsita, eta hor, kultura aldaketa bat egin behar dugu. Ni ume nintzela bagenuen kultura bat, galdu egin dena. Argia itzaltzen genuen eta bata jantzi berogailua ez jartzeko. Ez gara kobazuloetara itzuli behar, baina bai hausnarketa bat egin".
Berriztagarrien ereduei buruz galdetuta, eredu demokratikoa sustatzen dituzten proiektuak babestu ditu EH Bilduko eledunak, eta Maeztun (Araba) Ekiola kooperatibak martxan jarritakoa jarri du adibidetzat. "Herritarrak ahalduntzea oso garrantzitsua da, baina administrazio publikoetatik bultza egin behar da. Atzeratu egin den prozesu bat izan da, eta orain, arrapaladan egiten ari gara", deitoratu du.
Statkraft konpainia norvegiarrak Gipuzkoan eta Araban eraiki asmo dituen parkeez, azaldu du herritarrekin hitz egiten ari direla, eta lurralde bakoitzarentzako "estrategia egokiena" zein den aztertu behar dela, "ahalik eta gutxien suntsituta". Iriarteren aburuz, eredu horrek badu aldea Aixeindar sozietateak (Iberdrolak eta EVEk bultzatutakoa) proposatutakoarekin. Statkraften kasuan, jabegoa zatitzeko aukera dago, baina Aixeindarrenen kasuan, Iberdrola dago tartean, eta beraz, "eredua errepikatzeko arrisku handia dago".