Politika -
Nafarroa
Elma Saiz izango da PSNren Iruñeko alkategaia
Egungo Ekonomia eta Ogasun kontseilariak azaldu duenez, PSNren barne-hauteskundeetara aurkeztuko da Iruñeko hurrengo alkatea izateko, "ilusio eta grina handienarekin".
Agentziak | EITB Media
Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria izango da PSN-PSOEren Iruñeko alkategaia datozen hauteskundeetan.
Hala iragarri du Saizek berak Twitter sare sozialean, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari eta Nafarroako parlamentariak Ser Navarra Foroan, bere izena aipatu gabe, sozialistek "hautagai bikaina" izango dutela esan ostean.
Elma Saizek sare sozialetan azaldu duenez, PSNren barne-hauteskundeetara aurkeztuko da Iruñeko hurrengo alkatea izateko, "ilusio eta grina handienarekin".
"Iruñean jaio nintzen, naizen guztiaren lekuko da, nirekin doa beti eta beti presente dago nire baitan. Iruñea hiri bat baino gehiago da. Iruñea sentimendu bat da ", gaineratu du.
Maria Jesus Valdemoros Navarra Suma eskuineko koalizioaren parlamentaria "kezkatuta" agertu da hautagaitzarekin, "legealdi osoko aurrekontuetan pizgarriak sortzen dituen zerga-politika jasotzen jakin ez duen pertsona delako".
Hala azaldu du parlamentariak komunikabideen aurrean, eta egungo kontseilari eta bozeramaileari zorionak emateko aprobetxatu du.
"Kezkatzen nau pizgarriak sortzen dituen zerga-politika bat jasotzen jakin ez duen pertsona batek, PSNk aurreko legealdian esandako guztiari uko egin dionak edo maskaren kasuak diru-kutxa publikoei eragindako arazoan sartuta, Iruñekoa bezalako udal garrantzitsu batera aurkezteak", adierazi du.