Politika -

bizkaia

Milaka pertsona atera dira Bilbon, EH Bilduk deituta, egungo krisien aurrean "olatu herritarra" bultzatzeko

Nazioarteko ordezkaritza zabala eta Espainiako Estatuko indar independentista nagusiak bertaratu dira, besteak beste, "Abante! Euskal Olatua Geldiezina" lelopeko martxara. EH Bilduren arabera, parte hartzea 40.000 lagunetik gorakoa izan da.

Arratsalde honetako manifestazioa, Bilboko Autonomia kalean. Argazkia: EH Bildu
Arratsalde honetako manifestazioa, Bilboko Autonomia kalean. Argazkia: EH Bildu
EH Bilduk 40.000 lagun batu ditu Bilbon

01:26

i.l.k. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona kalera atera dira Bilbon larunbat arratsalde honetan, EH Bilduk deituta eta Casilla plazatik abiatuta; "krisi egoera gaindituko duen olatu herritar bat altxatzeko", "Abante! Euskal Olatua Geldiezina" lelopean. EH Bilduren arabera, parte hartzea 40.000 lagunetik gorakoa izan da. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eskerrak eman dizkie, horren amaieran, deialdia aurrera atera dutenei eta bertaratutako guztiei: "etorkizuna landatzen ari gara".

Manifestazioaren goiburuan, alderdiko ordezkaritza zabal bat arduratu da pankarta eramateaz; bertan izan dira Mertxe Aizpurua, Juankar Izagirre, Maria del Rio, Bakartxo Ruiz, Iker Casanova, Laura Aznal, Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Rocio Vitero, Unai Urruzuno, Joseba Asiron, Eva Lopez de arroyabe eta Gorka Elejabarrieta.

Arratsaldeko lehen orduetan, Bilbora iristen hasi dira gaurko martxara bertaratzeko programatuta zeuden 60 autobus inguru, Euskal Herriko txoko desberdinetatik.

Era berean, gaurko manifestazioan zabala izan da nazioarteko ordezkaritza, eta baita Espainiar Estatuko ezkerreko indar independentista nagusiena ere, hala nola; Kataluniako ERC eta CUPeko ordezkariak, Galiziako BNGkoak, Ahora Canariasekoak, Mes per Menorca eta Mes per Mallorca, Andecha Astur (Asturias), Puyalon (Aragoi) eta Valentziako ER- PV alderdikoak.

Otegi: "Etorkizuna landatzen ari gara"

Manifestazioaren amaieran, udaletxe parean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak hitza hartu du. Eskerrak eman dizkie bertaratutakoei, eta baita Estatuko beste puntu batzuetatik hurbildutakoei ere, haiek baitira "Euskal Herriaren arnasa, zutabea eta etorkizuna" eta "etorkizuna landatzen" ari direnak.

Aurrekoetan egin bezala, munduan diren egiturazko joerak nabarmendu ditu, aurtengoa "berrespenaren uda" izan dela erantsita. Hala, nazioarteko orotariko krisien erantzule edo faktore gisa aipatu ditu "kapitalismo basatia, neoliberalismoa, politikak egiten dituztenak, erregai fosilen aroaren amaiera, desberdintasun sozialen areagotzea eta faxismoaren hazkundea". Era berean, gogorarazi du arazooi ezin zaiela "Mendebaldeko begiradarekin" so egin.

Euskal Herrira etorrita, larunbat honetan lekuko izan den "ezkerreko olatuaren" indarra azpimarratu du Otegik, eta aipamen berezia egin die, besteak beste, "gurekin zaudeten euskal preso politiko deportatu eta errefuxiatuen" senideei: "zuen zama, herriarena dena, arindu dugu dispertsioari aurre eginda. Zuekin izango gara azkena etxera ekarri arte".

Bukatzeko, datorren urtean izatekoak diren Espainiako hauteskunde orokorrak izan ditu hizpide, eta horietan faxismoa geldiarazteko deia egin du koalizio subiranistako koordinatzaile nagusiak. "Orain dela egun batzuk begiak itxi eta etorkizuna ikusi nuen, eta irabazten dugu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi albisteak Krisi ekonomikoa Politika albisteak Bilbo albisteak Euskal herriak Azken ordukoa Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak EH Bildu Gipuzkoa Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Manifestazioak