Politika -
Erreforma
Errepresioa eteteko eta "desjudizializazioan" aurrera egiteko "pauso garrantzitsua" da, Aragonesen ustez
Generalitateko presidenteak azpimarratu du lanean jarraituko dutela etorkizunean "bi aldeek emaitzak onartuko dituzten" erreferendum bat egin ahal izateko Katalunian "poliziaren indarkeriarik gabe".
EITB Media
Pere Aragones Generalitateko presidenteak balioan jarri du bart Pedro Sanchezek iragarritako sedizio delituaren erreforma. Nabarmendu duenez, "mugimendu independentistaren kontrako errepresioa eteteko pauso garrantzitsua da, desjudizialiazioan aurrera egiteko pausoa".
Generalitatearen Jauregian, areto gotikoan, agerraldi instituzionala egin du Aragonesek. Ohartarazi duenez, baina, pauso gehiago beharko dira bide hori urratzeko, eta erantsi du Gobernuak lanean jarraituko duela etorkizunean "bi aldeek emaitzak onartuko dituzten" erreferendum bat egin ahal izateko Katalunian, "poliziaren indarkeriarik gabe".
Horren hitzetan, sedizio delitua zigor kodetik kentzearen erabakia Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko akordio baten ondorio da. Argudiatu duenez, urriaren 1eko erreferendumagatik zigortutakoei lagunduko die erreformak: "Gorenak ebatzi zuen 2017ko gertakariak sedizioa zirela, ez desordena publikoak. Beraz, orain ez du iritziz aldatuko".
"Sedizio delitua desagertuta zailagoa da mugimendu independentista modu bidegabe eta arbitrarioan jazartzea", azaldu du. Gainera, gogorarazi duenez, egungo sedizio delitua "Europako eta nazioarteko estandarretatik urrun dago, Europako Kontseiluak eta NBEren erakundeek ohartarazi digutenez".
Dena dela, aitortu duenez, "bidea dago oraindik egiteke gatazkaren desjudizializazio osoa lortzeko", amnistia baztertu gabe. Azaldu du "hainbat kontu airean" daudela, eta zigor kodearen erreformaren izapidetze parlamentarioan aztertu ahalko direla, hala nola, diru publikoak bidegabe erabiltzearen delitua bera.
"Gehiago egin behar dugu lan", esan du. Nolanahi ere, gaur-gaurkoz, garrantzitsuena da "sedizio delitua ezabatu, desagerrarazi egin dutela zigor kodetik", eta horren ordez, desordena publiko larrien delitua aplikatuko dela. Zehaztu duenez, delitu hori "existitzen da", baina "zigor handiena 6 urtetik 5 urtera jaitsiko da".
Azkenik, lortutako akordioa beste negoziazio batzuekin —aipatu ez badu ere, aurrekontuen negoziazioarekin zerikusia dutela diote hainbat iturrik— loturarik ez duela azpimarratu du. "Gatazkaren konponbidea ez da alderdien edo siglen akordioa, eskubide eta askatasunak daude tartean", arrazoitu du.