Politika -

Erreforma

Sanchezek sedizio delituko zigorrak murrizteko erreforma iragarri du

Hain zuzen ere, gaur aurkeztu dute lege proposamena PSOEk eta Unidas Podemosek Kongresuko erregistroan. Pere Aragones Kataluniako presidenteak esan du "pauso garrantzitsua" dela errepresioa eteteko eta "desjudizializazioan" aurrera egiteko.

Pedro Sanchez, artxiboko irudi batean. EFE
Pedro Sanchez, artxiboko irudi batean.
Pedro Sanchez, artxiboko irudi batean. EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, sedizio delituaren ordez "desordena publiko larri" eta zigor baxuagoak dituen beste delitu bat ezartzeko lege proposamen bat aurkeztuko du berehala Kongresuan.

Sanchezek, La Sextan egindako elkarrizketa batean, aurreratu du proposamen hori gaur, ostiralarekin, aurkeztuko dutela talde sozialistak eta Unidas Podemosek. Hauxe da erregistratu duten testua.

Espainiako gobernuburuak Katalunian tentsioa murrizteko hartu dituen erabaki "ausartak" defendatu ditu, eta testuinguru horretan justifikatu du Zigor Kodea homologatzeko aurkeztuko den lege proposamena.

Sedizio delitua 1822an idatzi zela gogorarazi du; aldatu egingo da, eta "desordena publiko larri" izena hartuko du, delitu mota horiek modernizatzeko "behin betiko pausotzat" jotzen duena.

Sanchezek ukatu egin du erabaki hori ERCren eskakizuna denik Estatuko aurrekontu orokorrak onartzeko, eta gogorarazi du orain arte ez zegoela gehiengo parlamentariorik erreforma aurrera ateratzeko.

Agintariak ikusi du azken asteetan hainbat talde sedizio delitua aldatzeko prest agertu direla.

Hala ere, ziurtatu du Espainiako Gobernuak ez duela onartuko independentismoak eskatzen duen amnistia, eta gaineratu du, erreforma horrekin, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak Espainiako Justiziaren aurrean kontuak ematen jarraitu beharko duela.

"2017ko delituek Zigor Kodean jarraitzen dute, ez sedizio delitu gisa, delitu tipologia berri batean baizik", azpimarratu du.

Aragones: "Pauso garrantzitsua da"

Pere Aragones Generalitateko presidenteak agerraldia egin du goizean Generalitateko Jauregiaren areto gotikoan, balorazio instituzionala egiteko. "Mugimendu independentistaren kontrako errepresioa eteteko pauso garrantzitsua da, desjudizialiazioan aurrera egiteko pausoa", nabarmendu du.

Ohartarazi duenez, baina, pauso gehiago beharko dira bide hori urratzeko eta erantsi Gobernuak lanean jarraituko duela etorkizunean "bi aldeek emaitzak onartuko dituzten" erreferendum bat egin ahal izateko Katalunian, "poliziaren indarkeriarik gabe".

Esquerra Republicanak (ERC) "oso positibotzat" jo du sedizio delituaren erreforma, eta "aurrerapauso handia" eta "ezinbestekoa" dela adierazi du, Espainiaren eta Kataluniako Gobernuaren arteko "gatazkarekin" amaitzeko.

Oriol Junqueras buru duen alderdiko iturriek jakitera eman dutenez, sedizioaren erreforma "ez zen posible izango bi gobernuen arteko negoziazio politikorik gabe", eta ERCk "errepresioari amaiera emateko bide negoziatuaren" alde egin izana defendatu dute.

Junquerasek, bere aldetik, Twitterren ospatu du "desjudizializazioan aurrera egitea beti dela positiboa, justizia ematen duelako injustizia dagoen lekuetan". "Horregatik, errepublikarrok ospatzen dugu sedizioa ezabatu izana. Eta amnistia eta autodeterminazioa lortzeko negoziazio politikoaren bidea lantzen jarraituko dugu", gaineratu du.

Ezkorrago agertu da Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta JxCateko kidea. Nabarmendu duenez, ez dute "ezertxo ere desjudizializatuko" delitu berriak ere kartzela zigorrak izango dituelako.

"Independentzia erreferendum bat antolatu eta deitzeagatik kartzelara bidaltzen bazaituzte, zer ardura du 15 urte edo 5 izan: eskubidea kriminalizatzen ari dira", salatu du Twitterreko bere kontuan kaleratutako txio sorta batean.

Aitzitik, Cuca Gamarra Alderdi Popularreko idazkari nagusiak Sanchezen aurka egin du, Estatuko Aurrekontu Orokorrak aurrera ateratzeko "sediziogileen neurrira" egindako erreforma delako.

Gamarraren esanetan, Sanchezek "unean-unean ordaintzen dizkie bere bazkideei Moncloan jarraitzeko hipotekak, legearen aurreko berdintasunaren lepora", eta Zigor Kodearen erreforma "espainiarrentzat prezio garestia" izango dela ziurtatu du, Twitterren idatzi duen mezu batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako Ezker Errepublikanoaren albisteak