Politika -
2023ko foru hauteskundeak
Eider Mendoza izango da EAJren Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko hautagaia
EITB Mediak jakin ahal izan duenez, Foru Aldundiaren egungo bozeramaileak eta Gobernantza diputatua Markel Olano jeltzalea ordezkatzeko lehian arituko da 2023ko udal eta foru hauteskundeetan.
M. D. | EITB Media
Eider Mendoza izango da Euzko Alderdi Jeltzaleak Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko hurrengo hauteskundeetan aurkeztuko duen hautagaia. Hori izan da EAJren Gipuzkoako Buru Batzarrak lurraldeko alderdikideei egindako proposamena.
Beraz, Markel Olano egungo ahaldun nagusia ordezkatzeko lehian sartuko da 2023ko foru hauteskundeetan.
Mendoza Foru Aldundiaren bozeramailea eta Gobernantza diputatua da gaur egun. Azpeitian jaio zen, baina hondarribiarra da izatez. Enpresa ikasketak burutu zituen Bordeleko unibertsitatean, Frantzian.
GBBk bozeramailearen gaitasun profesionala eta eskarmentua azpimarratu du, Eusko Legebiltzarrean, Batzar Nagusietan eta Foru Aldundian. Azaldu duenez, "EAJko taldearen sendotasuna dauka euskal lurralde gisa Gipuzkoako aurrerabidea bultzatzeko eta gipuzkoarren ongizatea eragiteko proiektu politikoa betetzen jarraitzeko".
Olano hiru legealditan izan da ahaldun nagusia, baina ez segidan. Lau urtez oposizioko burua ere izan zen Gipuzkoan.
Jeltzaleak, momentuz, EH Bilduko Maddalen Iriarte, PSE-EEko Jose Ignacio Asensio eta PPko Mikel Lezama izango ditu aurkari Gipuzkoako hurrengo ahaldun nagusia izateko lehian.