Politika -

MEMORIA HISTORIKOA

'Hormigoizko mugak', frankismoan Nafarroan eraikitako defentsa egiturak berreskuratzea helburu duen ekimena

Francoren erregimenaren errepresioaren ikurretako bat dira defentsa egiturak, eta horien atzean dagoen istorioa herritarrei helarazi nahi zaie. Nafarroako eta Espainiako gobernuek elkarlanean jarriko dute martxan ekimena, eta gaur izenpetu dute horretarako akordioa.

Ana Ollo eta Fernando Martinez, gaur, Madrilen. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Ana Ollo eta Fernando Martinez, gaur, Madrilen. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Ana Ollo eta Fernando Martinez, gaur, Madrilen. Argazkia: Nafarroako Gobernua

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frankismoaren diktaduran Nafarroako Pirinioetan preso errepublikarrei eraiki arazitako defentsa egiturak berreskuratu eta horien atzean dagoen istorioa herritarrei helarazi. Hori da Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak elkarlanean abian jarriko duten 'Hormigoizko mugak' ekimenaren helburua.

Madrilen gaur egin den ekitaldi batean izenpetu dute lankidetza hitzarmena Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Fernando Martinez Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkariak. Memoria historikoa errekuperatu eta ondorengoen eskura jartzeko bidean, halako ekimenek duten garrantzia azpimarratu dute biek ala biek. Gizarte justuagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko ariketa gisa aurkeztu dute.

'Hormigoizko mugak' egitasmoaren lan lerroen artean, bunkerrak edota defentsa egiturak berreskuratzeaz gain, dokumental bat grabatzea eta ikerketa lana egitea —lekukotzen grabazioa eta udal artxiboetan jasota dauden dokumentuak ikertzea— ere jaso dira. Olloren hitzetan, belaunaldien artean iraganean gertatutakoaz transmisio lana behar bezala egiteko ezinbestekoak dira halako errepresio ikurrak ikusaraztea. Memoria, ezer bada, etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko tresna dela azaldu du. "Gertatu zena gogora ekarrita, bakearen eta bizikidetzaren transmisiorako guneak bilakatuko dira", azaldu du.

Gaur izenpetutako hitzarmenaren arabera, Espainiako Gobernuak proiektuaren diseinua eta produkzioa hartuko ditu bere gain, eta 200.000 euro bideratuko ditu horretara. Nafarroako Memoriaren Institutuak, berriz, berreskuratu nahi diren egituren inguruko azalpenak jasoko dituzten panelak eta bestelako euskarriak argitaratuko ditu. Proiektuaren zabalkunderako ekimenak antolatzea ere Foru Gobernuaren esku geratuko da. 199.000 euroko aurrekontua izango du lan horietarako.

Halaber, onartu berri den Memoria Historikoaren Legea aintzat hartuta, San Kristobal gotorlekuaren inguruan proiektu bat eratzea proposatzeko ere baliatu du gaurko ekitaldia  kontseilari nafarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Frankismoa Memoria Historikoa