Politika -
UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK
Urtaran: "Niretzat ohorea da alkate izatea, baina ulertzen dut alde batera egiteko unea ere iristea"
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ez du argitu datozen udal hauteskundeetan berriro EAJren hautagaia izango den edo ez. Asteon jakinaraziko ditu Araba Buru Batzarrak Gasteizko Udalerako eta Arabako Aldundirako dituen hautagaien izenak.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
2023ko udal eta foru hauteskundeetarako hautagaiak aukeratzeko prozesu betean murgilduta dago EAJ, gainerako alderdiak bezala. Gaur, Araba Buru Batzarreko eta Gipuzkoa Buru Batzarreko zuzendaritzak bilduko dira gaia lantzeko, eta baliteke asteon ezagutaraztea Gasteizko Udalerako eta Araba eta Gipuzkoako aldundietarako hautagaien izen-abizenak.
ETBko "Egun On Euskadin" egindako elkarrizketan, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ez du argitu berriro hautagai izango den edo ez, eta "beti bezala, alderdiak erabakiko" duela esan du. Gasteizko alkate izatea "ohorea eta pribilegioa" dela esan ondotik, "alde batera egiteko unea" iristea ere "ulertzen" duela azaldu du. "Ni iritsi nintzen une batean non alderdiak erabaki zuen nire parte-hartzea udal politikan beharrezkoa zela, eta aurrerapauso hori eman nuen momentu latz batean. Bost zinegotzirekin hasi ginen gobernatzen, eta zailena pasatu dudala uste dut", zehaztu du.
Azaldu du, beretzat, EAJ "alderdi bat baino" baino gehiago dela, eta "alderdiaren esanetara" dagoela. "Ni ez nintzen Udalera iritsi bultzaka, eta ez naiz joango aulkiari helduta. Badakit eguna iritsiko dela, eta iristen denean, gauza onak hartuko ditut, eta saiatuko naiz txarrak ekiditen", amaitu du.
EAEko hiru hiriburuetatik Gasteizko Udalerako hautagaia da EAJk jakinarazteke duen bakarra. Eneko Goia eta Juan Maria Aburto izango dira, berriro, Donostiako eta Bilboko udaletarako hautagaiak, hurrenez hurren. Aldundiei dagokienez berriz, Arabako eta Gipuzkoako hautagaiak daude argitzeke. Bizkaiko Aldundirako Elixabete Etxanoberen hautagaitza iragarri zuten joan den hilean.