Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Aburto: "Guggenheimek 500 milioi eurotik gorako ekarpena egin dio BPGari, eta inbertsioa 130 milioikoa da"
Bilboko alkatearen iritzian, Guggenheim museoak 25 urte bete dituen honetan, zenbakiokin "ziurra da duen errentagarritasun soziala".
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak jakinarazi duenez, pandemia aurreko garaian Bilboko Guggenheim Museoak Barne Produktu Gordinari (BPG) egindako ekarpena 500 milioitik gorakoa zen, eta inbertsioa, aldiz, 130 milioikoa. "Beraz, ziurra da museoak duen errentagarritasun soziala", nabarmendu du.
Bilboko museoak 25 urte bete behar dituen honetan, horri buruzko galdera egin diote alkateari Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Azpimarratu duenez, museoari esker "ezaguna eta aitortua" da Bilbo, eta duela bi hamarkada baino gehiago, EAEko erakundeek hartutako "erabaki zaila" balioan jarri du Aburtok. "Oso garai gatazkatsua zen, langabezia tasa % 27koa zen, eta krisi sozial latza zegoen. Gainera, mugimendu kultural gehienak kontra zeuden, AEBko kolonizaziotzat hartzen baitzuten. Inoiz ez naiz nahikoa eskertuta azalduko hartu zuten erabakiarekiko", gehitu du.
Era berean, Bilboko alkateak esan du Guggenheim Museoa Urdaibaira zabaltzea "oso ideia ona" dela. Horren aburuz, "kultura inbertsioa da, hori da erakargarriago egiten gaituena, eta gainera, oso transbertsala da".
AHTk Abandon eduki behar duen geltokiaz edota Zorrotzan trena lurperatzeaz galdetuta, Aburtok aitortu du bi proiektuak behar baino gehiago atzeratzen ari direla —txosten informatiboaren zain daude biak—, baina nabarmendu du alkate den artean "lan eta lan" jarraituko duela aurrerapenak lortu arte. "Beste aldetik ere konpromiso bera espero dut", gaineratu du Espainiako Gobernuari erreferentzia eginda.
Aburtok adierazi duenez, ibilgailu kutsagarrienei Bilbon sartzeko balizko debekuaren erabakia "lasaitasunez eta zuhurtziaz" hartu behar da, "bizilagunekin hitz egiten, deserosotasunik ez sortzeko, baina aldi berean, legea betetzen eta energetikoki eraginkorrak izaten". Izan ere, horren hitzetan, mota horretako politikak luzaroan egongo dira gure artean.
Azkenik, San Mamesen Errusiaren aldeko bandera bat erakutsi zuen zalearen jokaeraz galdetuta —zelaitik kanporatu zuten—, Aburtok esan du "erabat probokatzailea" izan zela, eta ez zaiola egokia iruditzen, "Europa odoletan dugu eta". Jokaera horiei kontrajarriz, Athleticen zaleek erakusten duten "jarrera integratzailea" goraipatu du.