Politika -

Uztailean eman zioten

Auzitegi Nazionalak Jaurlaritzak emandako hirugarren gradua baliogabetu dio Xabier Atristain ETAko presoari

Hala, Atristain Martuteneko kartzelara bueltatu da, 17 urteko espetxe zigorra betetzen jarraitzeko. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu zuen; izan ere, 2010ean, inkomunikazio erregimenean atxilotuta zegoela, Atristainek ezin izan zuen abokatua aukeratu.

Xabier Atristain, ezkerretara. Argazkia: EFE.
Xabier Atristain, ezkerretara. Argazkia: EFE.
Xabier Atristain, ezkerretara. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Nagusiak baliogabetu egin du Eusko Jaurlaritzak Xabier Atristain ETAko presoari emandako hirugarren gradua. Hortaz, Atristain berriro ere sartu da Martuteneko kartzelan, Etxerat senideen elkarteak jakitera eman duenez.

Auzitegiak aintzat hartu du Fiskaltzak hirugarren graduaren aurka jarritako helegitea. Hirugarren gradua uztailean eman zuen Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak. Hala, Atristain Martuteneko espetxera sartu da berriro; azken hilabeteotan, soilik lo egitera joaten zen bertara.

Atristain 17 urteko kartzela zigorra ari da betetzen. Auzitegi Gorenak ez zuen hori berrikusi, nahiz eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu zuen; izan ere, 2010ean, inkomunikazio erregimenean atxilotuta zegoela, Atristainek ez zuen baimenik izan abokatua aukeratzeko.

Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenaren ostean, Atristain aske utzi zuten, otsailaren 17an, baina ekainaren 2an, Auzitegi Gorenak ebatzi zuenean ez zegoela arrazoirik zigorra berrikusteko, berriro ere atxilotu zuten, eta kartzelara bueltatu zen.

Hilabete baten buruan, Justizia Sailak oniritzia eman zion hirugarren gradua emateari; orain, baina, Ministerio Fiskalaren helegitea aintzat hartuta, baliogabetu egin dute hirugarren gradu hori.

Etxeratek esan duenez, Fiskaltzak, azken hilabeteotan, ETAko 13 presok jasotako hirugarren graduen aurkako helegiteak jarri ditu, tartean Atristainena. Abuztuan, Beatriz Artolazabal Justizia sailburuak zehaztu zuen Jaurlaritzak 25 hirugarren gradu zituela emanda, ETAko presoei, kartzelen eskumena Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duenetik.

Etxeratek "sumindura" agertu du presoaren aurkako ebazpen judizialagatik. Atristainek 12 urte daramatza kartzelan, nahiz eta Giza Eskubideen Auzitegiak ondorioztatu zuen ez zuela "bidezko epaiketarik izan, kontuan izanik inkomunikatuta atxilotuta zegoela ez ziotela baimendu konfiantzako abokatua aukeratu".

Sarek manifestazioa deitu du larunbaterako, 19: 00etan Donostiako Boulevard Zumardiatik abiatuta.

Foro Sozial Iraunkorrak uste du Atristainen atzerapausoa eta espetxeratzea "berri txarra" direla "bizikidetza demokratikorako, oro har, eta, bereziki, berak lan egiten dugunontzat".

Ohar batean, erabaki "ulertezina" salatu du. Ildo horretan, salatu duenez, "Auzitegi Nazionalean giltzapetutako lobbyek eta horien aldekoek atzera bueltarik ez duen bidea oztopatzen jarraitzen dute", eta "bakea eraikitzeko prozesuak adostasun instituzional, politiko, sindikal eta sozial zabala du, joan den larunbatean Donostian berriro islatu zen bezala".

Carlos Apeztegia ETAko presoa espetxetik irten da

Bitartean, Juan Carlos Apeztegia Jaka ETAko presoa Martuteneko kartzelatik irten da, lau espetxe zigorra beteta; izan ere, 2002an, kartzelan zegoela 25 urteko beste zigor bat betetzen, espetxeetako funtzionario batzuen aurkako atentatuak egiteko datuak eman zituen.

Etxeratek jakinarazi duenez, Apeztegia Jaka ostiral honetan irten da kartzelatik. 2013ko maiatzean utzi zuten aske, baina 2018ko urriaren 16an atxilotu, berriro ere, Hernanin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Berriak Politika Eusko Jaurlaritza Presoak argazkiak ETA gaur Gaurko titularrak Eguneko albisteak Espetxe politika