Politika -
Gizarte-laguntzak
Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemos-IUk "aurreakordioa" lortu dute DSBE erreformatzeko
Miren Gorrotxategi eta David Soto Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideek agerraldia egingo dute asteartean Eusko Legebiltzarrean, aurreakordioari buruzko xehetasunak emateko. Alderdi moreko iturriek aurreratu dutenez, DSBE jasotzeko adina 23 urtetik 18ra jaitsiko da.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak "aurreakordioa" lortu du Elkarrekin Podemos-IUrekin Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren lege-proiektuari buruz, eta hori izango da Euskadiko gizarte-laguntzen egungo erregulazioa ordezkatuko duen araudia, koalizio moreak jakinarazi duenez. Alderdi moreko iturriek aurreratu dutenez, DSBE jasotzeko adina 23 urtetik 18ra jaitsiko da.
Miren Gorrotxategi eta David Soto Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideek agerraldia egingo dute asteartean Eusko Legebiltzarrean, Idoia Mendia sozialistak zuzentzen duen Lan Sailarekin gai honetan lortutako aurreakordioaren xehetasunak emateko.
Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, gehiengo osoa dute Eusko Legebiltzarrean, eta, beraz, ez dute beste talde politikoen babesik behar ekimenak aurrera ateratzeko.
Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren Legea joan den maiatzean onartu zuen Gobernu Kontseiluak, eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) zenbatekoa handitzea aurreikusten du, baita familia kalteberenek, hala nola adingabeek eta pentsiodunek, jasotzeko baldintzak hobetzea ere.