Politika -

LESMESEN DIMISIOA

Lesmesen dimisioaren ondoren mahai gainean dauden galdera nagusiak

Espainiako justiziak duen organo gorenaren presidenteak kargua utzita, aurrekaririk gabeko agertokia zabaldu da. Lekukoa nork hartuko duen da galdera ikur handiena.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Hamaika dei eta mehatxuren ostean, Lesmesen dimisioak Sanchezen eta Feijooren arteko bilera behartu du

1:38

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Lesmes Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (BJKN) presidenteak dimisioa eman du, eta Espainiako Botere Judiziala bururik gabe geratu da. 

Orain hiru aste botatako mehatxua bete egin du Lesmesek. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eta Alberto Nuñez Feijoo PPko buruari BJKN berehala berritzeko eskatu zien, "egoera jasangaitza" zela esanez. Hori egin ezean, dimititu egingo zuela ohartarazi zuen, eta hala egin du. Ia lau urtez jardunean egon da presidente karguan. 

Gauzak horrela, aurrekaririk gabeko agertokia zabaldu da Espainian. Hauek dira, mahai gainean dauden galdera nagusiak:

Nork hartuko du Lesmesen lekukoa?

Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentetzak noren esku geratuko diren da argitu beharreko lehen puntua, eta horretan ari dira BJKN erakundea osatzen duten ordezkariak. Ostegunerako deituta duten bilkuran landuko dute gaia, berez, Auzitegi Konstituzionalaren berritzea bazen ere gai-ordenean jasota zegoen puntu bakarra.

Lesmesek berak Auzitegi Gorenaren kabinete teknikoari eskatu zion ordezkoaren hautaketarako txosten teknikoa, dimisioa ematen zuenerako. Txostenak jaso zuenez, Fernando Marin Castan Auzitegi Goreneko kideak hartuko du presidentetza Lesmesen dimisioa Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean. Erakunde horretako ordezkari guztiek aho batez onartu zuten erabakia.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren presidentetzarako ere Marin Castan proposatu zuen Goreneko kabinete teknikoak, baina kasu horretan, organo hori osatzen duten ordezkariek ez dute ontzat eman izendapen hori. Lesmesen maniobra gisa ikusten dute. Kontserbadoreek ez dute nahi modu horretan "inposatutako" presidente bat, eta progresistek eurek proposatutako ordezkaria nahi dute presidentetzan: Rafael Mozo, Kontseiluan urte gehien daramatzan ordezkaria.

Zer gertatuko da Auzitegi Konstituzionalarekin?

Auzitegi Konstituzionala, une honetan, ez da lehentasuna. Halere, Lesmesen dimisioaren ondotik, are gehiago zaildu du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren esku dagoen Konstituzionalerako bi magistratuen izendapena. Kontseiluko ordezkari kontserbadoreenak ez dute urratsik eman nahi. Ez atzera ez aurrera dago egoera, eta bi blokeen arteko akordioak ia ezinezkoa dirudi, gaur gaurkoz.

Zein egoeratan dago orain Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia?

Lehendik bi bloke —kontserbadoreak eta progresistak— erabat bereizita zeuden, eta orain, are gehiago. Kontserbadoreek gogor salatu dute azken asteotan Konstituzionalaren berritze prozesuko negoziazioetan Kontseiluak izan duen papera.

Publikoki tentsioa nabarmena bada, erakundearen barruan zer esanik ez; egoera lehertuta dago, akordiorako aukerarik ikusten ez dela.

Dimisio gehiago izango al da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian?

Ez da baztertzen datozen ordu edota egunetan dimisio gehiago egotea. Dena dela, Sanchezen eta Alberto Nuñez Feijooren gaurko bilera erabakigarria izango da, eta horren araberako urratsak etor daitezkeela uste da.

Bere dimisioa iragarri zuenean, Lesmesek esan zuen ordezkari guztiek aldi berean kargua uztea ez zela egokia. Presidenterik gabe erakundeak aurrera egin dezakeela nabarmendu zuen, baina ordezkari guztiek dimisioa emanda ez.

Gainera, ordezkari guztiek modu bateratuan dimisioa ematea delitutzat ere har daiteke, zerbitzu publikoari uko egiteagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Auzitegi Gorena Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Auzitegi Konstituzionala BJKN gaur