Politika -

LESMESEN DIMISIOA

Lasagabaster: "Beranduegi aurkeztu du dimisioa Lesmesek"

Espainiako justiziaren egoera "oso kezkagarria" iruditzen zaio EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunari. "Hemen, botere banaketa kolokan dago", esan du.

Iñaki Lasagabaster EHUko Administrazio Zuzenbideko katedraduna, artxiboko irudi batean
Iñaki Lasagabaster EHUko Administrazio Zuzenbideko katedraduna, artxiboko irudi batean
Iñaki Lasagabaster EHUko Administrazio Zuzenbideko katedraduna, artxiboko irudi batean

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Lesmes Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (BJKN) presidenteak dimisioa "beranduegi" aurkeztu du, eta "ez da kasualitatea" ia lau urtez karguan jardunean egon ondoren orain uztea. Iñaki Lasagabaster (Gasteiz, 1953) legelari eta EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunaren hitzak dira. Horren iritzian, "oso kezkagarria" da Espainiako justizian gertatzen ari dena.

Esan du Lesmesek BJKNko presidentetzan egin duen denbora "ondo aprobetxatu" duela bere intereseko izendapenak egiteko. "Jardunean egon arren, ia 50 izendapen egin ditu auzitegi ezberdinetan, oso izendapen garrantzitsuak guztiak. Hori ez da kasualitatea. Izendatutako pertsona horiek gai garrantzitsuak epaitu beharko dituzte", azpimarratu du.

Aspalditik ikusten du Lasagabasterrek "botere banaketa kolokan", eta justiziaren egoerak "haserrea" eragiten dio. Halere, bereizi egiten ditu "beheko auzitegiak eta goikoak": "Beheko auzitegiak —familia edota lan alorreko gaiekin lotutakoak— , egunero lanean ari direnak, ondo ari dira, hainbat atal kritikagarri dituzten arren. Baina goiko tribunalak interes jakin batzuen arabera ari dira, eta ez dira independenteak. Hori ez da onargarria, inolaz ere".

Agertoki hori "Europan beste inon ez" dela gertatzen adierazi du. "Espainian, Auzitegi Konstituzionala bere boterea hedatzen ari da, eta Parlamentuari agintzen dio zer egin behar duen eta zer ez. Hori botere banaketaren kontrakoa da guztiz. Auzitegi Konstituzionalaren lana Konstituzioak jasotzen duena betetzen dela bermatzea da", gaineratu du.

Lesmesek gaur eman du dimisioa, eta ohar batean jakinarazi ditu arrazoiak. Horren esanetan, "hainbatetan" eskatu die Kongresuko zein Senatuko presidenteei "agindu konstituzionala" bete eta erakundea berritzeko, baina "azken egunotan izandako hartu-emanek ez dute fruiturik eman". "Egoera zuzentzeko itxaropen guztia galduta, eta Auzitegi Gorena eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia nabarmen hondatuta daudela ikusita, bi erakunde horien buru izatea ez da baliagarria, eta nire kontzientzia profesional propioaren kontra joango litzateke. Hortaz, presidente gisa dimisioa ematea besterik ez zait geratzen. Izan ere, karguan geratzea gorrotagarria egiten zaidan eta onartezina den egoera baten konplize izatea da", azaldu du oharrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Auzitegi Gorena bideoak Espainiako Gobernua Espainia Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Auzitegi Konstituzionala EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia gaur