Politika -

EUSKADI IRRATIA

Garmendia: "Alderdikide guztiak batuta nahi ditut orain, Donostiako alkatetza berreskuratzeko"

PSE-EEren Donostiako alkategai izango denak ez du argitu Odon Elorza, primarioetan aurkari izan duena, udal eta foru hauteskundeetarako zerrendakide izango duen ala ez.

Marisol Garmendia, joan den astean egin zuen agerraldietako batean. Argazkia: EFE
Marisol Garmendia, joan den astean egin zuen agerraldietako batean. Argazkia: EFE
Marisol Garmendia, joan den astean egin zuen agerraldietako batean. Argazkia: EFE

play icon 5:46

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marisol Garmendiak, PSE-EEko Donostiako alkategai izateko primarioak irabazi berritan, "esker ona eta poza" agertu ditu, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Donostiako sozialistentzat "aro eta bide berri bat" zabaldu dela nabarmendu du, eta alkatetza berreskuratzeko erronkari "arduratsu" helduko diola hitz eman die militanteei. 

Primarioen prozesuak alderdia indarberritzeko eta ilusioa berpizteko balio izan duela adierazi du, eta ez du uste arrakalarik edota zauririk eragin duenik azken asteotan egindako bideak. "Alderdia bizi-bizirik dagoela erakutsi dugu, eta indartsu eta gogotsu atera gara", esan du. 

Datorren urteko udal hauteskundeetarako zerrenda osatzea izango da Garmendiak parez pare izango duen hurrengo erronketako bat, eta hor Odon Elorzak lekurik izango duen ez du argitu. Hemendik aurrerako bidean "alderdikide guztiak batuta" eta "elkarlanean" nahi dituela azaldu du, "proiektua elkarrekin" osatu eta "Donostiako alkatetza eta lidergoa" berreskuratzeko. "Iritsiko da zerrenda osatzeko garaia, eta hor, noski, alderdiak ere badu zer esana", zehaztu du, aitortuta, atzoko garaipenaren ondoren, oraindik ez duela Elorzarekin hitz egin.

Bestalde, Elorzaren aldeko boza eman duten militanteei ere zuzendu zaie, bere proiektua guztiena dela eta guztiek tokia dutela esateko. Azken urteotan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Donostiako  Udalean "zerbitzu publikoaren" alde egin duen lanean jarri du azpimarra Garmendiak, eta PSE-EErekin beti izan duen "konpromisoa begi bistakoa" dela esan du. Udal hauteskundeen ostean, "Donostiako lehen emakumezko alkate sozialista" izan nahi duela berretsi du.

Garmendiak botoen % 66 (222 boto) bildu zituen atzoko primarieotan, eta Elorzak % 34 (115 boto).

Primarioetako bi hautagaiek agerraldia egin behar zuten gaur, astelehenarekin, baina azkenean, prentsaurrekoa bertan behera geratu da Garmendia "ondoezik" baitago, PSE-EEk ohar batean jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika PSOE Donostia bideoak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia