Politika -
Gobernu berria
Aragonesek CDC, PSC, Podem eta ERC alderdietatik datozen zazpi kontseilariak izendatu ditu
Asteartean, 09:00etan, kargu berriaz jabetuko dira kontseilariak, eta JxCaten aurreko kontseilariek Kataluniako Gobernutik ateratzea erabaki ostean utzitako lekua beteko dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
CDC, PSC, Podem eta ERC alderdietatik datozen zazpi kontseilari sartu ditu Pere Aragones Generalitateko presidenteak Kataluniako Gobernu berrian. Kataluniako exekutiboko iturriek nabarmendu dute "Katalunia osoa ordezkatzeko asmoz, espazio politiko ezberdinetatik datozen kontseilari independenteak" direla. Jxcateko kontseilariek utzitako hutsunea beteko dute zazpiek, alderdiak Kataluniako Gobernua uzteko erabakia hartu ostetik.
Honako hauek dira: Carles Campuzano (CDC alderdikoa izandakoa), Giza Eskubideko kontseilaria; Joaquim Nadal (PSCko kide ohia), Ikerketa eta Unibertsitateetako kontseilaria; Gemma Ubasart (Podemeko buruzagi izandakoa), Justizia, Eskubideak eta Memoriarako kontseilaria; Manel Balcells Osasun kontseilaria, Natalia Mas Ekonomia eta Ogasun kontseilaria; Meritxell Serret, Kanpo Ekintzetarako kontseilaria eta Juli Fernandez Lurralde kontseilaria.
Asteartean jabetuko dira karguaz (09:00etan, Generalitateko Jauregian). Ondoren, bilera egingo dute ERCko kontseilariek eta presidenteak.
Presidentetzako iturrien esanetan, zazpi kontseilarien ia erdia independenteak dira. Hori da Joaquim Nadalen kasua, esaterako: PSCren kontseilaria izan zen hiruko gobernuetan eta Gironako alkate 23 urtean; Carles Campuzano, bestalde, CDCren diputatua izan zen 1996tik 2019ra, eta Gemma Ubasart, Kataluniako Podemeko idazkari nagusi ohia, Podemoseko estatuko buruzagitzako kide ere izan zen.
Errepublikanoek lau Kontseilaritza hartuko dituzte euren gain. Serret (Kanpo Ekintza) ERCren kontseilari izan zen Puigdemonten gobernuan, eta U-1eko auziagatik, epaiketaren zain dago. Masek (Ekonomia eta Ogasuna) ardura postuak izan ditu ERCk gidatu dituen Ekonomia eta Enpresa departamentuetan. Balcellsek (Osasuna) hainbat kargu izan zituen Osasun Kontseilaritzaren hiruko lehen gobernuan, eta 2006an, hainbat astez, Unibertsitate, Ikerketa eta Informazioaren Gizarteko kontseilaria izan zen. Azkenik, Fernandez (Lurraldea) diputatua da Parlamentuan eta Sabadelleko alkate izandakoa.
Kataluniako Gobernuko iturrien esanetan, ez da Presidenteordetzarik izango Vilagrak Aragonesen "bigarrenaren" lana egiten duelako jada.
Halaber, aldarrikatu dute exekutibo parekidea izango dela —emakume eta gizon kopuru bera du— eta Katalunian lehen aldiz, emakume batek (Natalia Mas) gidatuko duela Ekonomia Kontseilaritza.