Politika -
Senatuaren osoko bilkura
Senatuak amiantoaren biktimentzako funtsa onartu du hainbat urtetako aldarrikapenen ostean
Ekimena, aho batez, aldeko 259 botorekin eta Antonio Roman Jasanada PPko senatariaren boto oker batekin onartu dute. Asviamie elkarteko eta Legebiltzarreko Mahaiko kideak goi ganberan izan dira. Ekimena Gasteizko Ganberaren lantalde batetik abiatu zen duela 11 urte.
EITB Media
Senatuak amiantoaren biktimentzako funtsa aho batez onartu du arratsaldean, kaltedunen hainbat urtetako aldarrikapenen ostean. Ekimena aldeko 259 botorekin eta Antonio Roman Jasanada PPko senatariaren boto oker batekin onartu da.
Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak adierazi duenez, funtsa onartuta "Estatua zorra kitatzen hasi da" amiantoaren biktimekin.
Funts hori onartzeagatik poztu arren, legebiltzarkide jeltzalearen iritziz, erreparazio hori berandu dator. "Jende asko geratu da bidean, substantzia kantzerigeno horren eraginpean hil da, eta beste askok justizia eta aitortza eskatu behar izan dute".
Gogorarazi duenez, orain arte, amiantoaren biktimek Justiziara jotzea baino ez zuten, eta horrek "kostu ekonomiko eta pertsonalak" zekartzan, baina hemendik aurrera, "baliabide amaigabeen beharrik gabe, onartu egiten da hartutako gaixotasunak arduradun batzuk dituela, eta Estatuak bere gain hartuko dituela laguntza horiek".
Hasiera batean, funtsak 25 milioi euro jasoko ditu Estatuko Aurrekontu Orokorretatik, eta pertsonak orok "bere lan-, etxe- edo ingurumen-eremuan, amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz osasunean izandako kalteak ordaintzeko balioko du".
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak kudeatuko du funtsa, eta Estatuko Aurrekontu Orokorretan zehazten diren kontsignazioak edo transferentziak izango ditu, baita beste ekarpen batzuk ere, hala nola enpresei ezarritako zigorrenak.
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, gehienez hiru hilabeteko epea ematen dute funtsaren jarduerak abian jartzeko, eta beharrezkoa den erregelamendua garatzeko.
XX. mende osoan 2.600.000 tona amianto inportatu ziren. Kontsumorik handiena 1970 eta 1980. urteen artean izan zen, eraikuntzan erabilitako hiru laurden inguru, eta zientifikoki frogatu da mesoteliomarekiko harremana.
Espainiako Estatuan, 1994 eta 2008. urteen artean, amiantoarekin zuzenean lotutako 3.943 heriotza izan ziren.
Legearen arabera, "amiantoak eragindako patologien urteko kopurua kalkulatuz gero, 2003 eta 2009. urteen artean 7.154 kasu izan ziren, modu ezberdinetan kalte-ordaina eman beharrekoak".
Horregatik, talde politiko gehienek bat egin dute amiantoak eragindako kalteak konpontzea "justizia historikoaren" kontua dela esaterakoan.