Politika -
Senatuaren osoko bilkura
Senatuak amiantoaren biktimentzako funtsa onartuko du gaur
Asviamie elkarteko eta Legebiltzarreko Mahaiko kideak goi ganberara joango dira. Ekimena Gasteizko Ganberaren lantalde batetik abiatu zen duela 11 urte. Memoria Demokratikoaren legeari ere argi berdea ematea espero da.
Agentziak | EITB Media
Amiantoaren biktimentzako konpentsazio funts bat sortzeko lege proposamena behin betiko onartuko dute gaur Senatuaren osoko bilkuran, eta, talde politikoek boto-jarrerari eusten badiote, aho batez emango diote babesa.
Gainera, goi ganberak Memoria Demokratikoaren Legea eztabaidatu eta bozkatuko du, eta ziur aski behin betiko onartuta geratuko da, Batzorde Konstituzionalak PPk, Voxek, Ciudadanosek eta UPNk aurkeztutako betoak atzera bota ondoren.
Asviamie amiantoaren biktimen Euskadiko elkarteko ordezkariak eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide guztiak Senatura joango dira, bertan Amiantoaren Biktimentzako Konpentsazio Funtsa onartuko baita (EH Bildu, PP eta PSE-EEko legebiltzarkideak ere izango dira). Ekimena Gasteizko Ganberaren lantalde batetik abiatu zen.
Hasiera batean, funtsak 25 milioi euro jasoko ditu Estatuko Aurrekontu Orokorretatik, eta pertsonak orok "bere lan-, etxe- edo ingurumen-eremuan, amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz osasunean izandako kalteak ordaintzeko balioko du".
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak kudeatuko du funtsa, eta Estatuko Aurrekontu Orokorretan zehazten diren kontsignazioak edo transferentziak izango ditu, baita beste ekarpen batzuk ere, hala nola enpresei ezarritako zigorrenak.
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, gehienez hiru hilabeteko epea ematen dute funtsaren jarduerak abian jartzeko, eta beharrezkoa den erregelamendua garatzeko.
Memoria historikoan, beste urrats bat
Memoria Demokratikoaren Legearen bozketari dagokionez, ERCren botoaren zentzua zein izango den inork ez daki; Konstituzio Batzordean aldeko botoa eman zuenetako bat izan zen, baina Kongresuan abstenitzea erabaki zuen.
Lege hori, 2007ko Memoria Historikoaren Legean sakontzea dakarrena, duela ia urtebete onartu zen Ministroen Kontseiluan, eta Kongresuak aintzat hartu zuen 2021eko urrian, baina bi hilabete geroago, 'hozkailuan' sartu zuten, Espainiako Gobernuak aurrera ateratzeko babes nahikorik ez zuelako ikusi, PPren, Voxen eta Ciudadanosen oposizioari ERCren hasierako gaitzespena gehitu baitzitzaion.
Ekainean berriro atera zuten proiektua kaxatik, tramitazioa berraktibatzeko, PSOEk eta Unidas Podemosek beste alderdi batzuekin jarrerak hurbildu zituztenean. Horrela, Memoria Demokratikoaren Legeak ponentzia fasea gainditu zuen EH Bildu, EAJ, PDeCAT, Mas Pais eta Coalicion Canariarekin adostutako hainbat zuzenketa sartu ondoren.