Politika -
DONOSTIA
Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuak Gorenera jo dute Loiolako kuartelak babesteko epaiaren aurka
Eneko Goia alkatearen arabera, litekeena da, Auzitegi Gorenaren behin betiko epaia iritsi aurretik, Donostiako Udalak eta Defentsa Ministerioak Loiolako kuartelen lursaila salerosteko akordioa lortzea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuak helegite bana aurkeztu dute Auzitegi Gorenean, Loiolako kuartel militarrak babesteko EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren kontra. Hain zuzen ere, Loiolako kuartelak babestutako ondare izendatzeko eta eraikin militarra ez eraisteko agindu zuen.
Eneko Goia Donostiako alkatearen arabera, "litekeena" da, Auzitegi Gorenaren behin betiko epaia ezagutu aurretik, Donostiako Udalak eta Defentsa Ministerioak Loiolako kuartelen lursaila salerosteko akordioa lortzea. "Nik uste dut akordioa gertu dagoela", adierazi du.
Gaur goizean Donostian eskaini duen prentsaurrekoan, Eneko Goiak jakinarazi du joan den astean amaitu zela Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkezteko epea, eta Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuak bi errekurtso jarri dituztela, bakoitzak berea.
Goiak adierazi duenez, Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuak argudio "desberdinak" erabili dituzte, baina "osagarriak". Udalak Donostiak dituen hirigintza eskumenak aldarrikatzen ditu.
Donostiako Udalak eremu horretan 1.600 eta 2.000 etxebizitza artean eraikitzeko asmoa zuen. Voxek EAEko Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztutako helegitearen ondotik, ordea, proiektua ez atzera ez aurrera gelditu da. Orain, Auzitegi Gorenak hartuko du azken erabakia.