Politika -
Krisia Kataluniako Gobernuan
JxCat Kataluniako Gobernutik atera ala kontsulta batean erabakia militantziaren esku utzi eztabaidatzen ari da
Kataluniako Gobernutik berehala irtetearen aldekoen artean, Laura Borras alderdiko presidentearen aldekoak daude. Hala ere, Jordi Turull idazkari nagusiaren figuratik gertuen dagoen sektoreak ez du erabakia berehala hartu nahi, eta militantziaren artean kontsulta egitearen alde agertu da.
Agentziak | EITB Media
Junts per Catalunya (JxCat) alderdiko zuzendaritza eztabaidatzen ari da, Jordi Puignero Generalitateko presidenteordeak kargua utzi ondoren, Kataluniako Gobernutik ateratzea ala erabakia militantziaren esku uztea kontsulta batean, alderdiko zenbait iturrik azaldu dutenez.
Kataluniako Gobernutik berehala irtetearen aldekoen artean, Laura Borras alderdiko presidentearen aldekoak daude; izan ere, asteazken gauean adierazi zuten Puigneroren kargugabetzea erabakigarria zela Gobernua uzteko: "Horrek dena hausten du", adierazi zuten.
Iturrien arabera, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiaren gertuko buruzagiak eta Puignero bera ere (eragin nagusia) Kataluniako Gobernua uztearen aldekoak dira.
Hala ere, Jordi Turull idazkari nagusiaren figuratik gertuen dagoen sektoreak ez du erabakia berehala hartu nahi, eta militantziaren artean kontsulta egitearen alde agertu da, urriko Kontseilu Nazionala egin ondoren.
Sektore horrek azaldu duenez, bileran horren guztiaren aldeko eta kontrako argudioak ematen ari dira, eta onartzen dute kontrajarrita dagoela "ateratzea edo egoera hobeto aztertzea, eta erabakia afiliatuen esku uztea kontsulta bidez".
Junts alderdiak Kataluniako Gobernuan dituen kontseilari guztiek alderdiaren esku utzi dituzte euren karguak, Pere Aragones Generalitateko presidenteak Jordi Puignero presidenteorde eta alderdiko kidea kargugabetu ostean.
Hala iragarri du Jordi Turull JxCateko idazkari nagusiak RAC1 irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean. Argudiatu duenez, Puignero kargutik kenduta, "nahikoa baztertuak" sentitzen dira.
Alderdiko zuzendaritza 10:00etatik bilduta dago, zirt ala zart erabakitzeko. Bi dira mahai gainean dituzten aukerak: Kataluniako Gobernutik ateratzea eta oposiziora igarotzea, ala Puignero ordezkatzeko beste pertsona bat proposatzea. Bigarren kasu horretan, militanteei hitza ematea aztertzen ari dira.
Presidenteordea kargugabetuta, sei dira Kataluniako Gobernuan JxCatek dituen kontseilariak: Jaume Giro (Ekonomia eta Ogasuna), Victoria Alsina (Atzerriko gaiak eta Gobernu Irekia), Gemma Geis (Ikerketa eta Unibertsitateak), Josep Maria Argimon (Osasuna), Violant Cervera (Eskubide Sozialak) eta Lourdes Ciuro (Justizia).