Politika -
Krisia Kataluniako Gobernuan
Aragonesek kargutik kendu du Jordi Puignero presidenteordea (JxCat)
Generalitateko presidenteak (ERC) argudiatu duenez, Puigneron "konfiantza falta" du horrek ez ziolako aurrez jakinarazi haren kontrako konfiantza mozioa eskatuko zuela. JxCat alderdiaren ustez, "akats historikoa" da kargugabetzea. 10:00etatik bilduta dago alderdiaren zuzendaritza.
Agentziak | EITB Media
Urak harro datoz Kataluniako Gobernuan. Pere Aragones Gobernuko presidenteak (ERC) bart iragarri duenez, Jordi Puignero (Junts per Catalunya, JxCat) presidenteordea kargutik kanpo uztea erabaki du, berarengan "konfiantza galdu" duela argudiatuta.
Generalitateko jauregiaren galeria gotikoan agerraldia egin du Aragonesek, ia gauerdian. Aurretik bilera sorta izan du Generalitateko presidenteak. Lehenik, Gobernua bilduta egon da bi orduz, urgentziazko batzar batean, eta, ondoren, beste hiru orduz batzartu da Jordi Turull JxCateko idazkari nagusiarekin.
Agerraldia egin baino lehen, Puignerorekin hitzordua izan du Aragonesek —Generalitateko bere bulegoan— eta han jakinarazi dio kargugabetzea.
Erabakiaren metxa herenegun piztu zen, Politika Orokorreko eztabaidan. Albert Batet JxCat alderdiak Parlamentuan duen bozeramaileak gobernu ituna betetzeko bermeak eskatu zizkion Aragonesi, eta hori egin ezean, konfiantza mozioa aurkeztearekin egin zion mehatxu. Aldez aurretik iragarpen horren berri ez edukitzeagatik minduta azaldu da presidentea, eta horrek ekarri omen du kargugabetzea.
"Juntsek Gobernuan jarraitzea nahi dut", adierazi du Aragonesek. Dena dela, ikuskizun dago kargugabetzeak JxCaten kontseilari guztien dimisioa ekarriko duen ala ez.
Turull: "Gobernutik nahiko baztertuak sentitzen gara"
Ohar batean, JxCatek "akats historikoa" dela esan du, eta Pere Aragones Gobernuko presidenteari gobernu akordioa hautsi izana egotzi dio.
Iragarri duenez, goizean (10:00etan) alderdiaren zuzendaritza bilduko dute "egoera politikoa aztertzeko eta dagozkion erabakiak hartzeko, betiere kataluniarren aurrerabidea eta ongizatea bermatuta, eta independentzia helburu edukita".
Turullek bilera atarian RAC1 irrati kateari esan dionez, JxCateko kontseilari guztiek alderdiaren esku utzi dute kargua. "Nahikoa baztertuak sentitzen gara", argudiatu du.
"Generalitateko presidentearen erabakia akats historikoa da. Proiektu independentistaren jarraipena arriskuan jartzen du", nabarmendu du alderdiak egoera jasanezina dela iradokiz. Dena dela, oharrean ez du zehaztu Generalitatean jarraituko duen ala ez.
Orain arte eztabaida sutsua izan da JxCat alderdian erabakitzeko Kataluniako Gobernuan jarraitu behar duen ala ez. Kontseilari gehienak koalizioaren barruan jarraitzearen alde daude, baina alderdiaren beste sektore batek —Laura Borrasen ingurukoak, baina baita Puigdemont bera ere, Juntseko iturrien arabera— oposiziora igarotzeko beharra defendatzen du.
Jordi Turull alderdiko idazkari nagusiak Gobernuan jarraitzearen alde egin du udara arte. Azken hilabetean iritzia zehazten joan da: Gobernuan jarraitu bai, baina ez edozelan. Hori horrela, ERCri gobernu itunean jasotako hiru puntu betetzeko deia egin dio: Kataluniako prozesuaren Estatu Nagusia martxan jartzea, Madrilen batuta agertzea eta Espainiako Gobernuarekin osatuta dagoen elkarrizketa mahaian amnistia eta autodeterminazioa negoziatzea.