Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadi
Jaurlaritzak EAEtik kanpo dauden trenbide batzuen eskumena ere bere egitea proposatu du, Garamendiren ahotan
Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak aitortu duenez, tren lineen transferentzia da Espainiako Gobernuarekin zabalik duten "negoziazio bakarra". Halaber, salatu du Ministerioak eskuduntzen "bideragarritasun juridikoa zalantzan" jartzen jarraitzen duela.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak iragarri duenez, trenbideen transferentzian "harago" jotzea proposatu dio Euskadik Espainiako Gobernuari, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) mugetatik kanpo igarotzen diren trenbide zati batzuk kudeatzea ere eskatu dio. Horien artean leudeke, zehaztu duenez, Bilbo-Karrantza artekoa, Villaverde Turtziozetik (Kantabria) igarotzen dena; Bilbo-Balmaseda, Bizkaiko hiriburutik La Roblara (Leon) doana, eta Irun-Gasteiz tartea, Sakanatik (Nafarroa) pasatzen dena. Dena dela, azpimarratu du negoziatzen jarraitzen dutela; "oraindik asko dago lantzeko", ohartarazi du.
Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, Garamendik kritikatu du ez dela aurrerapausorik egon transferentzien alorrean eta "zabalik dagoen negoziazio bakarra" trenbideen kudeaketa dela. Argitu duenez, bera "pertsonalki" ari da auzia lantzen. Sailburuak ez du negoziazioaren inguruko xehetasunik eman, "aldeei zor diedan errespetuagatik" —argudiatu du—, baina argitu du euren proposamenean EAEko mugaz harago doazen tren lineen ardura hartzea dagoela, baita Bilboko Metroaren 4. lineari dagozkion azpiegituren inguruko zenbait kontu ere. Ez du zehaztu, ordea, Renfeko linean Euskotrenen menpe geratuko ote diren, eta itxaropena agertu du urte amaierarako eskumena lortzeari dagokionez. "Gustatuko litzaidake, baina ez dago nire esku, eta eskarmentuak diost ezin naizela baikorra izan", deitoratu du.
Era berean, salatu du Lurralde Politikako Ministerioak joan den astean bidalitako azken idatzi teknikoan "transferentzien bideragarritasun juridikoa" aipatzen zela, eta, beraz, Espainiako Gobernuak oraindik ere horren inguruko zalantzak dituela. Garamendiren aburuz, "bada garaia Ministerioak argitzeko zeintzuk diren arazo juridiko horiek, guk geure burua defendatu ahal izateko".
Eneko Andueza PSE-EEren buruak "lasaitasuna" eskatu duela eta, honakoa ihardetsi du sailburuak: "Anduezak 11 eskuduntza aipatu ditu, nik 43 urte igaro direla erantzuten diot".
Funtzionarioentzat Espainiako Gobernuak egin asmo duen soldata igoeraz galdetuta —informazio batzuen arabera, % 3,5eko igoera proposatuko du—, Garamendik argitu du ez duela horren inguruko informaziorik jaso. Dena dela, sindikatu batzuek iragarritako plantoari buruz esan du ez dela garaia "ziurgabetasun gehiago sortzeko, laguntzeko baizik".
Azkenik, adierazi du Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoak aztertzen ari direla EAEko Auzitegi Nagusiak emandako azken epaia (Gabonetan covid ziurtagiria eskatzen jarraitzeari oniritzia eman zion erabakia bertan behera uztea), Gorenean kasazio errekurtsoa aurkeztu ala ez erabakitzeko.