Politika -
Politika Orokorreko Eztabaida
Aragonesek erreferenduma adosteko "argitasun akordio" bat negoziatzea proposatu dio Espainiako Gobernuari
Moncloatik, baina, baztertu egingo dute proposamena. Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan Isabel Rodriguez Espainiako Gobernu bozeramaileak esan du krisi testuinguru honetan erreferenduma ez dela ez lehentasuna, ezta garrantzitsuena ere.
eitb media
Pere Aragones Generalitateko presidenteak "argitasun akordio" bat adostu nahi du Espainiako Gobernuarekin, gizartearen aniztasuna aintzat hartuta, autodeterminazio erreferendum bat egiteko oinarriak ezartzeko.
Hala, Kanadak Quebecen independentziari buruzko erreferendumerako onartu zuen argitasun legearen antzeko mekanismoa proposatu du, eta iragarri du, horretarako, Katalunian aliantzak batzen saiatuko dela eragile politiko, sozial, ekonomiko eta sindikalekin.
Presidente kataluniarrak Parlamentean abiatu den politika orokorreko eztabaidan egin ditu adierazpenok, "gatazka politikoa konpontzeko" plana xehatu duenean. Horren hitzetan, proposamena "herrialde osoari zuzenduta dago, eta herritarren gehiengo zabala aintzat hartzen" du.
Proposamena bi fasetan gauzatuko litzateke, Aragonesen esanetan: lehena, berehala, ekimen horren inguruan Katalunian ahalik eta adostasun handiena lortzeko, eta bigarrena, Espainiako Gobernuarekin negoziatzera eramateko.
Aragonesek uste du proposamena bideragarria dela Kataluniako herritarrek beren etorkizuna bozka dezaten, eta uste du "inklusiboa" dela herritar guztiak inplikatuta senti daitezen. Hori dela eta, alde guztiek, bai independentzia babesten dutenek, baita babesten ez dutenek ere, tresna hori erabil dezaten nahi du.
Eztabaida ireki du Aragonesek, beraz, bere hitzaldiarekin, eta taldeek arratsaldean erantzungo diote, handienetik txikienerako ordenean, JxCren eta ERCren txandak amaierarako utzita.
Espainiako Gobernuak, baina, erantzun dio proposamenari, eta baztertu egin du. Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan Isabel Rodriguez Espainiako Gobernu bozeramaileak esan duenez, krisi testuinguru honetan erreferenduma ez da ez lehentasuna, ezta garrantzitsuena ere.
Horren arabera, hori da, hain justu, "gobernu honek egiten duena", egungo egoeraren aurrean "herritarrei erantzuna ematen" saiatu, eta gaineratu du horretan guztian Kataluniak berebiziko garrantzia duela.