Politika -

Politika orokorreko eztabaida

Alderdiak prest agertu dira akordioak lortzeko, baina ezberdintasunak daude lehentasunetan eta baldintzetan

EH Bilduk dio "bermea" izango dela akordioak lortzeko; E. Podemosek edukiak zehazteko deia egin du; PPk ezkerraren alternatiba gisa aurkeztu du bere burua; eta EAJk eta PSEk proposamenak eskatu dizkiote oposizioari.

M. Iriarte, M. Gorrotxategi, C. Iturgaiz, A. Martínez, E. Andueza y J. Egibar
M. Iriarte, M. Gorrotxategi, C. Iturgaiz, A. Martínez, E. Andueza y J. Egibar
M. Iriarte, M. Gorrotxategi, C. Iturgaiz, A. Martínez, E. Andueza y J. Egibar

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oposizioko talde nagusiak akordioak lortzeko prest agertu dira, politika orokorreko eztabaidan Iñigo Urkullu lehendakariak bost "herri-itun" eskaini eta gero. Hori bai, akordio horien edukiak zehaztea eta "norabidea aldatzea" eskatu diote. Euren aldetik, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, euren kudeaketa defendatu dute, eta proposamenak aurkezteko deia egin diote oposizioari.

EH BILDU

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak lehendakariari eskatu dio, itunei buruz ari denean, zertaz ari den argitzeko, baita akordio horiek noren parte-hartzearekin erdietsi nahiko lituzkeen ere. Horiek mahai gainean utzita, argi utzi du "herri akordioak egiteko aukerak baldin badaude EH Bildu hor" egongo dela, eta, are gehiago, "aurrera ateratzeko bermea" izango dela.

Iriarteren ustez, "itun horiek modu kooperatiboan eta demokratikoan balioesteko" unea da, eta horretarako "aliantza indartsuak ehuntzea" ezinbestekoa da. Euskal Herriari "ongizate ituna" eskaini nahi bazaio, bidea burujabetza dela nabarmendu du. Hala, energiaren alorra, zerbitzu publikoak, zerga erreforma, etxebizitza eskubidea edota enpresen irabazien kudeaketa hemen erabakitzeko ordua heldu dela iritzi dio. "Burujabetza oso gauza sinplea da: nork, zer eta non erabakitzen duen ariketa demokratikoa eta herritarra da burujabetza", gehitu du.

Maddalen Iriarte EH Bildu taldeko parlamentarioaren agerraldi osoa
Maddalen Iriarte EH Bildu taldeko parlamentarioaren agerraldi osoa
Maddalen Iriarte EH Bildu taldeko parlamentarioaren agerraldi osoa

29:36

ELKARREKIN PODEMOS

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren bozeramaileak itun horien "edukia formatuaren beraren gainetik" jarri behar dela adierazi du. Gorrotxategiren ustez, "herri-itunek balio behar dute jendearen bizi-baldintzak duintzeko, herritarren eskubideak bermatzeko, eta Euskadi berdinzaleago, bidezkoago eta kohesionatuago baten bermea izateko", eta hori, bere ustez, "publikoa dena babestuz, hobetuz eta zabalduz" lortzen da.

Nabarmendu duenez, "publikoa da jaio zaren familiaz harago berdintasun baldintzak ematen dizkiguna, berdin hemen edo Senegalen jaioz gero, berdin bulego batean, tornu batean edo supermerkatu bateko kutxan lan egin edo Nerbioi ibaiaren alde batera edo bestera bizi. Publikoa da etxeko langileari eta exekutibo gorenari tratu bera ematen diona".

Miren Gorrotxategi eta Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos taldeko parlamentarioen agerraldi osoa
Miren Gorrotxategi eta Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos taldeko parlamentarioen agerraldi osoa
Miren Gorrotxategi eta Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos taldeko parlamentarioen agerraldi osoa

30:23

PP-Cs

Carlos Iturgaiz PP-Ciudadanos taldeko legebitzarkideak energia eta ekonomia arloetako akordioak eztabaidatzea proposatu dio lehendakariari. Horren esanetan, akordio horiek euskal herritarren kezkak eta etorkizuna izan beharko dituzte jomuga: "Ezkerreko frontearekin egindako itunak hilgarriak dira EAEko ekonomiarako eta gizartearentzat", ohartarazi du.

Testuinguru honetan, PP-Ciudadanos Taldeak adierazi du "posible" dela akordioa adostea Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Energia aurrezteko Kontingentzia Planari dagokionez, eta "legaltasunetik eta bidezidorrik gabe" egitea.

Carlos Iturgaiz PP-Cs taldeko parlamentarioaren agerraldi osoa
Carlos Iturgaiz PP-Cs taldeko parlamentarioaren agerraldi osoa
Carlos Iturgaiz PP-Cs taldeko parlamentarioaren agerraldi osoa

29:11

VOX

Amaia Martinez Voxeko bozeramaileak kritikatu egin du EAJren kudeaketa eredua. Euskal herritarren eguneroko arazoei erantzuna ematea oinarri duen eredu bat izan beharrean, "errentagarritasun politikoa helburu" duen "marketin ariketa on bat" ikusten du Martinezek jeltzaleen egungo jardunean.

Bere hitzetan, Euskadik ez du eskumen gehiago behar, eta antzua iritzi dio transferentzien inguruko eztabaidari. "Ondo kudeatutako lurralde eredu eraginkorra da behar duguna", esan du, "Espainiatik kanpora hotz handia" egiten duela nabarmentzearekin batera.

Amaia Martínez Voxeko parlamentariaren hitzaldi osoa
Amaia Martínez Voxeko parlamentariaren hitzaldi osoa
Amaia Martínez Voxeko parlamentariaren hitzaldi osoa

29:36

PSE-EE

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak egungo krisiari aurre egiteko sozialistek egindako kudeaketa aldarrikatu du, "bai Euskadin, bai Espainian, bai Europa osoan". "Erakutsi dugu krisiei aurre egiteko beste modu bat zegoela", nabarmendu du Eusko Legebiltzarrean, politika orokorreko eztabaidan. "Ez da gauza bera ezkerrak edo eskuinak gobernatzea", adierazi du.

Legebiltzarkide sozialistak Iñigo Urkullu lehendakariak iragarritako neurriak babestu ditu, "baliabide guztiak" erabiliko baitituzte "premiazko arazoei" aurre egiteko eta pertsonak babesteko, eta aitortu egin du garai "zailak" datozela, baina aurreratu du kogobernantzarekin "indartsu" egingo dietela aurre.

Eneko Andueza PSE-EE taldeko parlamentarioaren agerraldi osoa
Eneko Andueza PSE-EE taldeko parlamentarioaren agerraldi osoa
Eneko Andueza PSE-EE taldeko parlamentarioaren agerraldi osoa

29:17

EAJ

Joseba Egibar EAJko bozeramailearen esanetan, Eusko Jaurlaritza eta EAJ prest daude "akatsak" onartzeko eta politika publikoetan "aldaketa" batzuk egiteko "herri akordioak adosteko"; hori bai, EH Bilduri ohartarazi dio koalizioak ere egin behar dituela hausnarketak eta gauzatu behar duela indarkeriaren gainean izandako jarrerari buruzko "irakurketa kritikoa".

Ezinezkoa da, izan ere, aurrera egitea, Egibarren esanetan, "iraganari amnesia ezarrita". Horrez gain, Politika Orokorreko Eztabaidan, Egibarrek esan du Eusko Jaurlaritza "konpromisoak betetzen" ari dela, "zailtasunak zailtasun".

Joseba Egibar EAJ taldeko parlamentarioaren agerraldi osoa
Joseba Egibar EAJ taldeko parlamentarioaren agerraldi osoa
Joseba Egibar EAJ taldeko parlamentarioaren agerraldi osoa

32:15
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak albisteak EH Bildu Bizkaia Euskadiko PP berriak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Vox