Politika -
Parisko Auzitegia
Jakes Esnal eta Ion Parot ETAko presoak baldintzapean aske utzi ditu Frantziak
Biei biziarteko espetxe zigorra ezarri zieten Frantzian, ETAren hainbat atentatutan parte hartzeagatik, eta 32 urte eman dituzte espetxean.
EITB Media
Frantziako Justiziak baldintzapean aske utzi ditu Jakes Esnal eta Ion Parot ETAko presoak. Biei biziarteko espetxe zigorra ezarri zieten Frantzian, ETAren hainbat atentatutan parte hartzeagatik, eta 32 urte eman dituzte espetxean.
Horrenbestez, Parisko Apelazio Auzitegiak errefusatu egin du Fiskaltzaren helegitea.
Auzitegiko iturriak aipatuta EFE agentziak jakinarazi duenez, Parot urriaren 13an utziko dute aske. Esnal, aldiz, bost egun geroago, 18an.
Urtebetez, etxean egon beharko dute, besoko elektronikoa jarrita, baina egunean ordu batzuk atera ahalko dira kalera.
12 hilabete horien ostean, kontrolak ezarriko dizkiete beste 10 urtez. Batik bat, murrizketak izango dituzte bidaietarako.
Orain, Fiskalak bost eguneko epea du Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko.
Jakes Esnal eta Ion Parot 1990eko apirilean atxilotu zituzten, Frederik Haranbururekin batera, Ipar Euskal Herrian. Aldez aurretik, Henri Parot ere atzeman zuten, Sevillan.
Hirurek Frantziako nazionalitatea dutenez, eta garai hartan Frantziak euren nazionalak estraditatzen ez zituenez, Parisen epaitu zituzten. Biziarteko espetxe zigorra ezarri zieten hirurei.
Haranburu 2020ko azaroan utzi zuten aske baldintzapean, baina Esnal eta Ion Parot kartzelan zeuden oraindik.
Henri Parot, aldiz, Espainian dute preso.