Politika -
POLITiKA OROKORREKO EZTABAIDA
Herri akordioak aurrera ateratzeko bermea EH Bildu izango da, Iriarteren arabera
EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, akordioak "modu kooperatiboan eta demokratikoan balioesteko unea da". Gaineratu du, hori egin ezean, herritarren oinarrizko eskubideak ezingo direla bermatu.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Bost herri akordio egiteko proposamena egin du Iñigo Urkullu lehendakariak Politika Orokorreko Eztabaidako bere hitzartzean, eta horri heldu dio Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak bere hitzaldian. Itunei buruz ari denean zertaz ari den argitzeko eskatu dio lehendakariari, eta akordio horiek noren parte-hartzearekin erdietsi nahiko lituzkeen. Horiek mahai gainean utzita, argi utzi du "herri akordioak egiteko aukerak baldin badaude EH Bildu hor" egongo dela, eta are gehiago, "aurrera ateratzeko bermea" izango dela.
Iriarteren ustez, "itun horiek modu kooperatiboan eta demokratikoan balioesteko" unea da, eta horretarako "aliantza indartsuak ehuntzea" ezinbestekoa da. Euskal Herriari "ongizate ituna" eskaini nahi bazaio, bidea burujabetza dela nabarmendu du. Hala, energiaren alorra, zerbitzu publikoak, zerga erreforma, etxebizitza eskubidea edota enpresen irabazien kudeaketa hemen erabakitzeko ordua heldu dela iritzi dio. "Burujabetza oso gauza sinplea da: nork, zer eta non erabakitzen duen ariketa demokratikoa eta herritarra da burujabetza", gehitu du.
Zentzu horretan, burujabetzaren bidean aurrera egiteko borondaterik ez izatea eta "Gernikako Estatutuaren betetzea aldarrikatzera mugatzea" egotzi dizkio lehendakariari EH Bilduko legebiltzarkideak. "Hasierako kasillara itzuli zara, eta zirkulua itxi duzu. Hau da zure legatua?", esan dio. Urkulluren gaurko hitzaldiari "errenuntzia baten itxura" ere hartu dio Iriartek, eta horregatik, zera galdetu dio: "Estatus berri bati uko egiten al diozu?.
EH Bilduk bere prestutasun osoa agertu du Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko herri akordio bat garatzeko eragile politiko eta sindikalekin batera, eta prozesu horretan bidaide izan nahi duen argitzeko eskatu dio lehendakariari. "Estatu izan gabe ere, estatu itunak" bilatuko ditu ezker abertzaleko koalizioak, "burujabetza energetikoa, elikadura burujabetza, euskal lurraldeen egituraketa... ahalik eta eragile gehienekin erdiesteko".
Garai historiko berri bat
Bestalde, "konbultsio handiek markatutako garai historiko berri batean" gaudela esan du Iriartek, eta Ukrainako gerra eta pandemia aipatu ditu, besteak beste. Bere hitzetan, "urteetako hautu politikoen ondorioak dira honaino ekarri gaituztenak", tartean, baita, "Gobernuaren erabakiak ere". Hori onartu ezean, gaineratu du, "egoeraren diagnostiko partekatu eta zehatza egitea" zaila izango da. Zerk huts egin duen aztertu behar da, "norabidea aldatzeko" eta "erabakiak hemendik hartzeko".
Adibide gisa, energiaren krisia ipini du. Horren aburuz, "kanpo energiarekiko menpekotasuna jasanezina" da, eta "egoera honetara ez gara iritsi bolada txar batengatik". "Jaurlaritzaren energia politikek zeresan handia izan dute, baliabide fosilekiko apustua irmoa izan baita", zehaztu du. Horren aurrean, "arnas luzeko estrategia energetiko bat" aldarrikatu du, eguneroko ika-miketatik kanpo diseinatuko dena.
"Akordio horrek helburu argiak behar ditu; arnas luzeko estrategia energetiko bat lortzea, energia kontrol publiko eta demokratikoa lortzea, arrazoizko prezioak bermatuz, eta berriztagarriak hedatzeko babes eta bultzada soziala lantzea", azaldu du.
Inflazioaren aurrekaririk gabeko gorakadaren aurrean, berriz, "sakoneko erreforma fiskala" eskatu du, gehien irabazten dutenek gehiago ordaindu dezaten.
Azkenik, Osakidetzaren egoera ere izan du hizpide, "zerbitzu publikoen degradazioa gero eta agerikoagoa" dela nabarmenduz. Osasun sistemaren egoera geroz eta okerragoa den bitartean, Urkulluk ez duela ezer berririk proposatu salatu du. "Hartuta zeuden neurriak azaldu ditu", esan du.