Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

PSE: "Erakutsi dugu krisiei aurre egiteko beste modu bat zegoela"

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak sozialistek "Euskadin, Espainian eta Europa osoan" egindako lana aldarrikatu egin du.

Eneko Andueza
Eneko Andueza
Eneko Andueza PSE-EE taldeko parlamentarioaren agerraldi osoa

29:17

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak egungo krisiari aurre egiteko sozialistek "bai Euskadin, bai Espainian, bai Europa osoan" egindako kudeaketa aldarrikatu du. "Erakutsi dugu krisiei aurre egiteko beste modu bat zegoela", nabarmendu du Eusko Legebiltzarrean, politika orokorreko eztabaidan.

"Ez da gauza bera ezkerrak edo eskuinak gobernatzea", adierazi du.

Horren ildotik, Anduezak esan du "duela 10 urte" Espainian PPren Gobernuak "egin ez bezala", "orain erabaki dugu krisiari murrizketarik gabe aurre egitea".

Bozeramaile sozialistaren esanetan, "ondo funtzionatzen duten erreformak sustatzen ari gara". "Gobernuetatik, ziurtasunak ematen ditugu", azpimarratu du.

Bestalde, Andueza pozik agertu da legegintzaldiaren norabidearekin eta EAJrekin sinatutako gobernu itunarekin: "PSEk lortu egin du gobernu ituna betetzea, eta betetzea eskatu du zalantzak izan direnean". "Baliagarriak gara", gehitu du.

Legebiltzarkide sozialistak babestu egin ditu Iñigo Urkullu lehendakariak iragarritako neurriak, "baliabide guztiak" erabiliko baitituzte "premiazko arazoei" aurre egiteko eta pertsonak babesteko.

Anduezak aitortu egin du garai "zailak" datozela, baina aurreratu du kogobernantzarekin "indartsu" egingo dietela aurre.

Transferentziak

Transferentziei dagokienez, Anduezak lehendakariari gogorarazi dio azken egunetan Espainiako Gobernua negoziatzeko prest agertu dela.

Era berean, nabarmendu du Pedro Sanchez presidente denetik, "azken urteetan autogobernuan izandako aurrerapauso handienak eman direla": "11 transferentzia gauzatu dira, eta transferitzeko geratzen diren gutxietan, aurrerapausoak eman dira".

"Lehendakari jauna, badakizu azken egunetan komunikazioa izan dutela Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, eta Espainiako Gobernuak helarazi dizula garai egokia dela negoziazio fase berria diseinatzeko", jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Eguneko albisteak Albisteak Vox