Politika -

Politika orokorreko eztabaida

Lehendakariak 40 neurri zehatz eta 400 milioi euroko programa bat proposatu ditu

Gainera, Iñigo Urkulluk bost herri-itun proposatu dizkie gainerako taldeei honako arlo hauetan: Aurrekontuak, Energia, Demografia, Hezkuntza eta Lehen Mailako Arreta. Espainiako Gobernuari ere zuzendu zaio lehendakaria "konfiantza froga" bat eskatzeko transferentzien egutegiaren aurrean.

Iñigo Urkullu lehendakaria
Iñigo Urkullu lehendakaria
Inflazioari eta energiaren garestitzeari aurre egiteko, 400 milioiko Hitzartuz programa iragarri du Urkulluk

01:28

IKER GONZALEZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu Legebiltzarrean egiten ari den Politika Orokorreko Eztabaidan agertu da legealdiko lehen zatiaren analisia eta egungo egoeraren irakurketa egiteko, eta datozen hilabeteetarako zenbait neurri proposatzeko.

Hitzaldian, lehendakariak nazioartean sortutako ziurgabetasun egoera, erronka demografikoa eta larrialdi klimatikoa izan ditu hizpide. Horren aurrean, lehendakariak esan du gure erakundeak bermerik garrantzitsuena direla behar-izanei erantzun eta erronkei aurre egiteko". Hala, lehendakariak "estrategia bat, bost lehentasun eta 40 neurri" proposatu ditu. Estrategia "Euskadiko Giza Garapen Iraunkorra" da, eta honako hauek dira lehentasunak eta neurri zehatzak.

Bost lehentasun

1- Gizarte-kohesioa

2- Enplegua eta hazkunde iraunkorra

3- Klima-aldaketa

4- Erronka demografikoa eta gazteria

5- Euskadi Basque Country

Bost lehentasun horiei erantzuteko, lehendakariak 40 neurri proposatu ditu: 7, gizarte-kohesioaren erronkari ekiteko; 15, enplegua, industria eta hazkunde jasangarriari zuzenduta; 5, aldaketa klimatikoari aurre egiteko; 6, erronka demografikoari heltzeko eta 7, Euskadiren nazioartekotzerako, zein kulturaren sormen eta zabalkunderako.

Horien artean kokatuko lirateke Hezkuntzako langileen egonkortzea, behin-behinekotasuna % 35etik % 3ra murrizteko helburuarekin; Ertzaintzan plaza berriak eskaintzea, Osakidetzako langileen egonkortzea eta enpresa ertain eta txikiei laguntzak ematea, besteak beste.

Hitzartuz, programa berri bat, 400 milioirekin

Lehendakariak gainerako euskal erakundeen elkarlanerako deia egin du Hitzartuz Programa martxan jartzea xede. Hauek dira programa horren helburu zehatzak:

1- Gizarte-larrialdietarako laguntzak % 10 handitzea inflazioaren ondorioei aurre egiteko.

2- Gizarte-etxebizitzako parkean horniduren kostua murriztea, instalazio zentralizatuak dituzten komunitateetan.

3- Etxebizitza sozialetarako diru sarreren muga malgutzea.

4- Elikagai-bonua abian jartzea, elikagaiak erosteko eta tokiko merkataritza txikia sustatzeko.

5- Energia-efizientziarako laguntza ematea, familien energia fakturaren igoera konpentsatzeko.

6- PFEZa deflaktatzea, indarrean egongo litzateke urtarrilaren 1etik aurrera, urte osorako aurreikusitako azpiko inflazioaren eragina gutxitzeko.

7- Energia intentsiboko enpresentzako, enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako kreditu-lerro berezia.

8- Enpresa txiki eta ertainetan, autonomoetan eta industrialdeetan energia berriztagarriak bultzatzea laguntza gehiagorekin.

Urkulluk bost ''herri akordio'' proposatu ditu ''ezohiko eta aurrekaririk gabeko'' egoerari aurre egiteko
Urkulluk bost ''herri akordio'' proposatu ditu ''ezohiko eta aurrekaririk gabeko'' egoerari aurre egiteko
Urkulluk bost ''herri akordio'' proposatu ditu ''ezohiko eta aurrekaririk gabeko'' egoerari aurre egiteko

1:07

Bost herri-itun

Iñigo Urkulluk bost herri mailako itun proposatu die gainerako taldeei "aurrekaririk ez duen testuinguru historiko, nazioarteko, ekonomiko eta sozialari aurre egiteko". Itunak honako arlotan egitea eskatu du lehendakariak:

1- 2023ko Aurrekontua

2- Lehen mailako arreta indartzeko plana

3- Hezkuntza Hitzarmena

4- Erronka demografikorako, gazteriarako eta emantzipaziorako estrategia

5- Energia ituna

Eusko Jaurlaritzari bidalitako egutegia betetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari Iñigo Urkulluk
Eusko Jaurlaritzari bidalitako egutegia betetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari Iñigo Urkulluk
Eusko Jaurlaritzari bidalitako egutegia betetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari Iñigo Urkulluk

1:11

Autogobernua: "Konfiantza froga bat"

Ikusita 2020ko urrian adostutako transferentzien egutegia ez dela betetzen ari, "konfiantza froga" eskatu du lehendakariak, "hiru bultzada politikotan gauzatu" beharko litzatekeena:

1- Trenbideen arloko transferentziaren negoziazio irekia berehala amaitzea.

2- Aldebiko lantaldeak berehala irekitzeko agindua ematea Jaurlaritzak igorritako bost eskumenak negoziatzeko: meteorologia; zinematografia babesteko funtsa; itsasertzaren antolamendua; migrazioa; eta itsas salbamendua.

3- Bi gobernuen arteko Batzorde Iraunkorra deitzea, falta diren gainerako eskumenak egokitzeko moduak eta oinarriak ezartzeko, Espainiako Gobernuak bidalitako egutegiaren arabera.

Errenten ituna

Alderdiei erantzuteko txandan, lehendakariak proposamen bat egin du errenten itunaren harira, "Estatu osoan" aztertzeko. Horren ildotik, adierazi du akordioak "bidezkoa" izan beharko lukeela eta "kostuak" eragile guztien artean banatu beharko liratekeela.

Agintariak gogorarazi du kontsumo produktuak garestitu egin direla, eta horrek "eragin zuzena" duela familietan, erosteko ahalmena galduko baitute. Gainera, enpresek ere kostuei aurre egiteko "zailtasunak" dituztela erantsi du.

"Hainbeste zalantza dauden testuinguru honetan, errenten ituna egonkortasunerako ekarpen baliotsua izango litzateke".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak